Bergarako Seminarixoa aretoan, “Akelarre” filmaren hiru emanaldi eskainiko ditu azaroaren 6an, 8an eta 9an. Pablo Aguero zinemagile argentinarraren seigarren film luzea da ("Salamandra", "Eva no duerme"). Saio hauetan, Yune Nogueira aktore bergararra egongo da; hasieran filma aurkeztuko du, eta ondoren, solasaldi batean parte hartuko du bertaratutako publikoarekin.

Azaroaren 6an, ostirala, emanaldia 20:30ean hasiko da eta prezioa bost eurokoa izango da. Igandean, hilak 8, 19:30ean izango da eta prezioa bost eurokoa izango da. Astelehenean, hilak 9, 20:30ean hasiko da eta sarrera-prezioa lau eurokoa izango da.

Film hau Bergarara heldu baino lehen, Donostiako Zinemaldiaren 68. edizioko Sail Ofizialean hartu du parte, lehiaketan zegoen Estatu espainiarreko fikzio-lan bakarra izanik. Zinema-aretoetan, berriz, urriaren 2an estreinatu zen eta ordutik hona 40.000 ikusle baino gehiagok ikusi dute; horrenbestez, EAEko zinetokietan gehien ikusi den filma izan da hainbat asteburutan.

"Akelarre" drama historiko bat da, baina begirada garaikidea eta femeninoa du. Filmaketak zazpi aste iraun zuen, 2019ko maiatz-ekainean egin zen, euskaraz eta gaztelaniaz, eta Euskal Herriko oso toki ikusgarrietan (Laga, Itziar, Urbasa, Lesaka, Sara).

“Akelarre"k kontatzen duen istorioak Euskal Herrian 1609an izandako benetako gertakari batzuetara hurbiltzen gaitu. Eskualde horretako gizonak itsasora joan dira. Anak festa batean parte hartuko du, basoan, herriko beste neska batzuekin batera. Rostegi epaileak, eskualdea purifikatzeko errege-agindupean, neskak atxilotu eta sorginkeriatan ibiltzea leporatu die. Beharrezko guztia egingo du neskek akelarreri buruz dakitena aitor dezaten; izan ere, ustez, zeremonia magiko horretan deabruak bere zerbitzari diren neskei deabrukeria-hastapenak erakusten dizkie bai eta haiekin larrutan ibili ere.

Arloa: