Merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzuen sektorean kontsumoa sustatzeko helburuz, diruz lagundutako eta Bergarako herritarrei zuzendutako erosketa-bonuen bidez, udalerriko hiri- ekonomia suspertuz eta tokiko establezimenduetan kontsumo kontzientea bultzatzeko kanpaina berria egingo da.

Bonoak.eus aplikazioa izango da udazken-neguko kanpaina honen oinarria. Bertan eman beharko dute izena establezimenduek eta erabiltzaileek. Gaur arratsaldean bertan (azaroak 13) hasiko dira establezimenduak bertan harpidetzen, eta ondorioz, datorren aste erdialderako herritarrei zabalduko zaie bonuak erosteko aukera.

120.000 euro inbertituko ditu Bergarako udalak kanpaina honetan, aste honetan Pandemiari aurre egiteko plan integralaren aurkezpenean aurreratu bezala. Udaberrian ez bezala, erosketa-bonuetan diru laguntza desberdinak aplikatuko dira. Aurrekoarekiko beste desberdintasun bat ere badago: modu digitalean ez ezik, fisikoki ere eskuratu ahal izango dira oraingoan erosketa-bonuak bertan parte hartzen duten establezimenduetan.

Datorren astean emango ditu Bergarako udalak xehetasun guztiak.