ZTB jardunaldien baitan eta hauei amaiera emateko, azaroaren 26an egitekoa zen hitzaldia bertan behera utzi da. ‘Telesforo Aranzadi Unamuno. Ciencia y memoria histórica. Bergara 1860 - Barcelona 1945’ hitzaldia egitekoak ziren Pako Etxeberria, Fermin Leizaola eta Alvaro Arrizabalaga. Gaur egungo osasun egoera aintzat hartuta eta hitzaldira kanpotik etortzekoa zen jendeak bertan egoteko aukerarik ez duela izango ikusita, bertan behera uztea erabaki da.

Hitzaldiak interesa piztu du, bai gaiagatik eta baita bertan parte hartzekoak ziren hizlariengatik ere. Aranzadi elkartearen batzarrak eta Bergarako udalak gaia aztertu ondoren, baldintza egokirik ez dagoela ikusita utzi dute bertan behera hitzaldia. Baloratu da parte hartzaileen perfila ikusita online formatua ez zela egokia. Aurrera begira ikusiko da bestelako aukerarik sortzen den, baina, momentuz, eta honenbestez, azaroaren 16ko hitzaldiarekin amaituko dira 2020ko ZTB jardunaldiak.

Bere heriotzaren 75. urteurrena dela eta, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Bergarako udalak Euskal Herriko antropologiaren eta arkeologia zientifikoaren aitzindaria izan zena omentzeko ekitaldi akademikoa zen hau. Aranzadi mikologiako, natur zientzietako eta etnografíako ikerketetan aitzindari izan zen; giza populazioaren eta euskal hizkuntzaren jatorria aztertu zuen, eta trikuharri eta haitzuloetako lehen indusketa arkeologikoetan parte hartu zuen. Eusko Ikaskuntzaren eta Euskaltzaindiaren sorrera bultzatzen ere jardun zuen eta baita euskal unibertsitateranzko lehen ekimenetan ere. Bartzelonan Antropologiako katedraduna izan zen eta, erregimen frankistak baztertuta, bertan hil zen 1945ean.

Telesforo Aranzadi zientzia eta ikerketa bultzatu zuen belaunaldi bikain baten ordezkaria izan zen, erregimen frankistak beren ibilbidea hautsi zien belaunaldi baten ordezkaria. Honako hau gure bergarar ospetsua eta bere belaunaldi osoa omentzeko ekitaldi izatea nahiko genuke.