2021erako aurrekontu proiektua lantzen ari da Bergarako udal gobernua. Uztailean abiatu zuen prozesua eta urtarrileko osoko bilkuran onartzeko helburua du. Pertsonak jarri ditu erdigunean udal gobernuak lanketarako oinarrizko zutabe gisa. Datorren urterako aurrekontuen lanketan ere, eragin zuzena izango du osasun pandemiak eta hori aintzat hartuta ari da lanean udal gobernua.

Pertsonen zaintzan jarriko da indar berezia. Eta hori bermatu ahal izateko beharrezkoa da udaleko gizarte zerbitzuak ondo hornituta egotea, horregatik, bertara bideratuko den diru-partida mantendu edo igotzeko ahalegina lehentasuna izango da.

Bestetik, Bergara atsegin eta irisgarriagoa izateko esku-hartzeak lehenetsiko dira inbertsioetan. Hala nola, Zubietan, aisialdiko guneetan...

Tokiko garapena eta ekonomia zirkularraren lanketari ere arreta jarriko dio Bergarako udal gobernuak. Gaur egungo egoeran, inoiz baino ageriago dago bertakoak, tokikoak duen garrantzia eta udalari hau sustatzea ere badagokio.

Bergararrok bizitza osasuntsua eta aktiboa izan dezagun ere sustatuko da. Pertsona aktibo eta osasuntsuez osatutako herriak, herri biziak direlako eta etorkizuneko Bergara horrela irudikatzen dugu.

Uztailean hasi zen udal gobernua aurrekontu proiektuaren lanketan. Arlo teknikoa landuta, une honetan, buru belarri dabil gobernu taldea lan honetan. Abenduaren hasieran helaraziko zaie proposamena oposizioko alderdiei eta abenduaren 15 arteko epea izango du aztertu eta ekarpenak egiteko. Aurreikuspena da, urtarrilaren erdialderako behin-betiko proiektua izatea eta urtarrilaren 25eko osoko bilkuran lantzea eta onartzea.