2020ko iraila eta abenduaren artean gizarte premiak antzeman eta suteak ekiditeko programa garatu da Bergaran, Gizarte Zerbitzuen bitartez. Programa, 80 urte baino gehiago izanik bakarrik edo 65 urtetik gorako beste norbaitekin bizi diren pertsonei zuzenduta dago.

Zaurgarritasun egoerarik ematen den ezagutzea eta gizarte premiarik duten antzeman eta etxeko sute arriskuen azterketa egin eta suteak ekiditeko ke-detektagailu bat jartzea da 2014az geroztik gauzatzen den programaren helburua.

2020an 56 herritarri eskaini zaio zerbitzua jartzea eta hauetatik 45i jarri zaio. Bisitatutako 36 etxetan (%81,8) ez da arriskurik identifikatu, baina beste 8tan (%18,2) hainbat arrisku antzeman eta hauek zuzentzeko neurriak proposatu zaizkie.

Honetaz gain, etxe bakoitzaren krokis bat egin da sute kasu bat emanez gero Udalean banaketari buruzko informazioa edukitzeko eta herritarrei autobabes eta nola jokatu informazioa eman zaie. Krokis guztiak (berriak zein aurreko urtetakoak – 810 – Udaltzaingoaren esku jarri dira sute kasu batean erabilgarri izateko bai Udaltzaingoak zein suhiltzaileek).

2020 urtean danera, 47 su detektagailu jarri dira (etxe batzuetan bat baino gehiago jartzen da).
Alta berriak eta egindako mantenuak kontuan hartuz, orain zerbitzuan 592 etxebizitza erabiltzaile daude eta guztira funtzionamenduan dauden ke-detektagailuak 689 dira.

Gizarte premien antzemateari dagokionez, 592 etxebizitzetan banakako elkarrizketak egin dira herritarren eta hauen etxearen egoera ezagutu, zaurgarritasun egoerarik egonez gero antzeman eta gizarte laguntzarik behar duten aztertzeko.

Elkarrizketatutako etxeetan lortutako datuen arabera, 301 etxebizitzetan (%51ak) ondo dagoela eta laguntza beharrik ez duela aipatu dute. Beste %49ak baliabideren baten inguruko informazioa eskatu du: hala nola, telelaguntzaren inguruan, bainugela edota igogailua jartzeko aukeraz...

Tratu-txarren egoerarik ez dela antzeman aipatzea garrantzitsua da.

Pandemia egoera kontuan hartuz, 24 pertsonak adierazi dute konfinamenduan Udalaren, zaintza sarearen, lagunen edo auzokoen laguntza jaso zutela.

Azkenik, Zerbitzuaren balorazioa ezagutzeko etxebizitza guztietan kexa eta/edo proposamenei buruz galdetzeaz gain, 0tik 10era zerbitzuari nota bat jartzeko eskatu zaie eta bataz-besteko nota 9 izan da.

Zerbitzuaren kostua 26.281,20 eurokoa izan da.