Azken urteotan, Bergarako Laboratorium museoak bere bilduma era egokian mantentzeko zenbait esku-hartze egin ditu. Lan horiek, herritar gehienentzat ezezagunak dira, baina guztiz beharrezkoak. Horregatik, lan horiek ezagutarazteko, hitzaldi bat antolatu du.

Aida Payak eta Maite Fernandezek Artez restauración/zaharberritzea enpresako kideek hitzaldia emango dute larunbatean, hilaren 16an, Laboratoriumen. 11:00etan hasiko da euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko den hitzaldia. Izen-ematea doakoa da eta Museoan bertan edota 943 769 003 telefonoan egin daiteke. 20 pertsonek parte hartu ahal izango dute.

Jorratuko diren gaien artean, museoko zientzia bildumako piezetan egindako zaharberritze lanak aurkeztuko dituzte eta esku-hartze horien nondik-norakoak azalduko dituzte. Horretaz gain, zaharberritzailearen lana, Ondarearentzat zein museoarentzat duten esanahia eta garrantziaz hitz egingo dute.

Artez restauración/zaharberritzea enpresak Bergaran, Gipuzkoan, du egoitza. Arte Ederretan lizentziatuak eta zaharberritzean espezializatuak dauden bi kidek osatzen dute: Aida Payá Montesinos eta Maite Fernández Azcona. Beren ibilbidean zehar partikularentzat zein erakundeentzat lan egin dute, besteak beste: Gipuzkoako Foru Aldundia, Gipuzkoako hainbat udal, elizbarrutiak, Gordailu, San Telmo museoa, Laboratorium museoa, eta abar.