Astelehenean, hilaren 11n egin da zuinketa akta eta hasi dira lanak Bolua auzoko bidegorrian. Hiru puntutan blokeak erortzeko arriskuak murrizteko ezpondak eusteko lanak dira egiten ari direnak. Bidegorria itxita dago une honetan eta lanak iraun bitartean, hilabeteko iraupena aurreikusi da, hala izango da. Momentu honetan ezponda garbitu eta desabortze lanak egiten ari dira.
Helburua da oinezkoen bidegorrian segurtasuna bermatzea eta horretarako, ezponda sistema dinamikoak erabiliz egonkortu egingo da. Pika, buloi, torlojuz josi egingo da harkaitza eta ondoren solte gelditu litezkeen elementuak eusteko sarea jarriko da.

2017an du jatorria arazo honek. Urte horretako urtarrilean sortutako prezipitazioen ondorioz, lur-jausi bat gertatu zen Bolu kaleko eraikinen atzeko hegalean. Azterketa geologikoa egiten da eta hainbat egiteko ezartzen dira une horretan Emergentzia egoeran. Lehen egoera hori pasata ere, jarraipena egiten zaio inguruneri maiztasunez, arrisku geologikoen inguruko azterketa eta jarraipena eginez. 2020Ko azaroaren 8tik 12ra bitartean bidegorriari erantsitako ezpondetatik datozen bloke eta legar ugari daudela ikusten da jarraipen horretan. Hilabete hasieran egindako prezipitazio handiek eraginda gertatutakoak direla ondorioztatzen da eta lan hauek egiteko beharra ikusten da.

“Ingek SLP” enpresak idatzitako dokumentu teknikoan oinarrituta, Bolua auzoko bidegorriaren hiru puntutan blokeak erortzeko arriskuak murrizteko ezpondak eusteko lanen kontrataziorako izapidea buruturik, Alkateak 2020ko abenduaren 18an emandako Dekretu baten bidez erabaki zuen aipatutako lanen adjudikazioa “Geotunel SL” enpresari 43.724,41 eurotan -BEZ barne- egitea. Bestetik, lanen zuzendaritza “Ingek SLP” enpresak ( 2.783 euroko -BEZ barne- aurrekontuarekin) egingo du. Eta “BSP Servicios de Consultoría Técnica, SL” enpresa izango da Segurtasun eta Osasun lanen koordinazio lanen ardura izango duena.

Azken egunotako elur eta euriteen ondorioz beste gune baten erorketa txiki bat izan da. Tekniko adituek gunea aztertuko dute, lanen bat egin behar den jakiteko. Ezpondan zehar hainbat harkaitz txiki daude, oinezkoen segurtasuna baldintzatzen ez dutenak. Informazioa azalduz karteltxo batzuk josiko dira horman.