Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak antolatutako Monzon-Ganuza Euskal utopikoei saria banatu zen atzo, martxoak 9, lehen aldiz, Bergarako Seminarixoan egindako ekitaldian. Libe Goñi Garatek, Seaskako lehen irakasleak jaso zuen Zaloa Ipiña artista bilbotarrak egindako obra-lana. Goñiren bizitza euskarari eskainitako bizitza da. Ikastolek euskara salbatuko zutela sinetsita, euskal herriko haurrek euskarazko eskoletan, ikastoletan, hazi eta hezteko utopia egia bihurtzea posible egin duen belaunaldi miresgarri baten ordezkaria.

Ipiña, bere lanekin gizartearen arazo eta erronkak lantzen saiatzen da, izan bizigarritasuna, kultura-uniformetasuna edota euskara eta hizkuntza gutxituak. Arazo eta erronka horiek plastika poetiko batera eramaten ditu, beti ere ikuspegi pertsonal eta aktibotik abiatuta. Sarirako prestatutako lanak hizkuntza-gutxituak erabiltzeagatik zigortzeko erabili izan den eraztunaren errepresentazio bat da.

Lagun ugari izan zituen alboan Libe Goñik eta baita instituzioetako eta hezkuntza, kultura eta euskalgintzako ordezkariak ere. Besteak beste, Bego Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuordea, Jabi Asurmendi Udalbiltzako Lehendakaria, Joseba Erremundegi Euskal Elkargoko kidea eta Baionako zinegotzia, EAJ-PNVko Mikel Burzako, EH Bilduko Gari Mujika, Beñardo Kortabarria, Izaro Elorza eta Iraitz Lazkano, Antzuola, Oñati eta Elgetako alkateak hurrenez hurren. Jose Luis Elkoro, Jexux Lazkano eta Agurne Barruso Bergarako alkate ohiak. Edota Eusko Ikaskuntzako Xabier Alkorta, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko Lehendakaria, Jose Mari Sors Elkarreko kudeatzailea. Joserra Lasa San Martin Agirre eskolako zuzendaria, Joxu Arana Miguel Altunako zuzendaria. Olaso Dorrea Fundazioko kideak Iratxe Esnaola lehendakaria buru eta Bergarako Gobernuko kideak, Bergarako alkatearekin batera.

Ekitaldian parte hartu zuten hizlari guztiek eman zioten garrantzia Libe Goñik eta berak bezala beste askok euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren alde egin duten lan isil eta handiari.

Gorka Artola Bergarako alkatea bere hitzartzean lidergo isilaz aritu zen. “Dena zegoen egiteko orduan. Orain ere, sasoi aldrebes eta nahasi hauetan, asko dugu egiteko. Azken 50 urteotan, Libe Goñi bezala, beste ehunka lagun, isilka, egunez egun, eskuz esku aritu dira euskararen, euskal kulturaren, euskal jendartearen alde, elkartasunez... Eta agian, gaur saritzen ditugun Goñi anderearen baloreetan daude datozkigun garaietarako konponbideen errezetak: lana, lana, lana eta ahal dugun guztietan elkarlana”. Lidergotza isilaren baloreak herrigintzara, alderdi eta erakundeetara ekartzeko proposamena egin zuen.

Iratxe Esnaolak Olaso Dorrea Fundazioko Lehendakariak “Telesforo Monzonek eta Josefa Ganuzak gure herriari, kulturari eta hizkuntzari eskainitako bizitza oparoak ospatuko ditugu. Hori, gainera, bizitzan zehar eskaintza hau egin dutenekin batera egin nahi dugu. Telesforok 'utopiko' gisa definitzen zituen horiekin. Telesforok eta Josefak bezala, bihotz betez gure herriaren alde lanean aritu diren euskal 'utopikoekin'. Eta hori, Telesforo eta Josefaren bizitza gidatu zuten baloreetan abiatuta egin nahi dugu: Euskal Herria, euskara eta euskal kulturarekiko konpromisoa eta bide horretan batasun eta elkarlanaren ezinbestekotasuna oinarritzat hartuz.