Bergarako Udalak eta Caritasek hitzarmen berria sinatu dute. Caritas elkarteak Europatik etortzeko zen janari soberakina gordetzeko lekua behar zuela-eta, Martokoa 8an dagoen eskola zaharreko eraikineko lokal bat lagatzea eskatu zion Udalari, eta Udalak – 2014ko martxoaren 31n Udalbatzak egindako bilkuran– onartu egin zuen eta hitzarmena sinatu.

Orain, Caritas elkarteak lokal hori erabiltzen jarraitzeko premia du, baina bertatik ematen duen zerbitzuak eragindako gastuei aurre egiteko diru-laguntza bat eskatu dio udalari eta baita janariak Elikagaien Bankutik ekartzeko laguntza ere; eta udala ados egonda, bi aldeek 2014an sinatutako hitzarmena egokitu eta sinatu dute.

Lokal horretan ematen den zerbitzuaren gastuei aurre egiteko, Bergarako Udalak hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean urteko 10.000 euroko diru-laguntza emango dio Caritas elkarteari.

Bergarako Udalak udal brigadaren bitartez lagunduko du Elikagaien Bankutik Martoko lokalera jana eramaten.

Erabiltzeko lagapen edo zesio honek lau urteko iraupena izango du eta urtez urte bi aldeen adostasunarekin luzatu ahal izango da gehienez ere sei urte osatu arte.

Hitzarmena sinatzearen testuinguruan, Gorka Artola alkatea eta Ainhoa Lete zinegotzia Caritasen Martokoan eta Labegaraietan erabiltzen dituzten lokaletara bisitak egin dituzte, elkarteak egiten duen lana bertatik bertara ikusteko. Labegaraietakoan azken orduko banaketa egiten dute, elikagai fresko eta eszedenteekin.

2019an, bataz beste, hilean 112,5 otar banatu zituen Caritasek Bergaran. 2020An, berriz, 158. Beraz, 45,5 otar gehiago izan dira, hilero.

Bestetik, 2019an, bataz beste, hilero 322 pertsonak jaso zuten jana eta 2020an 400 pertsonak. (78 pertsona gehiago hilero). Hileroko bataz besteko 400 pertsona horietatik, 140 adin txikikoak izan dira.