Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Bergarako Udalak omenaldia egin diete Seminarixoan Bergarako 1936ko 'gerrako umeei'.

Ainhoa Lete Bergarako Alkateordeak pertsona hauek egin zuten bi norabideetako bidaiari erreferentzia egin dio. Ez du ahaztu, halaber, gerrako haur hauek hartu zituzten herriek, pertsonek eman zietena. Gaur egun ere haur askok sufritzen duten derrigorrezko erbestea gogora ekarri du. “80 urte pasata ere drama askok elkarren arteko berdintasun handia dute. Ez dezagun ahaztu eta enpatia izan dezagun gure babesa eta ulermena behar duten pertsonekin, adierazi du Alkateordeak.

Letek omendutakoei esan die: “abiatzea, gehiegitan partitzea, banatzea da. Habanan eta beste ontzi batzuetan itsasoak zeharkatu zenituzten neska-mutilek, kartoizko bihotzak lepotik zintzilik zenituztela, bihotza erdibituta daukazue, zuen oroitzapenen zati bat, zuen historia, zuen nortasuna ere Frantzian, Ingalaterran, Sobietar Batasunean edo munduko beste txoko batzuetan izandako esperientzietatik pasatzen baitira”.

Mikel Gomez Intxorta 1937 elkarteko kideak esan duenez, “duela urte eta erdi, zuen istorioak ezagutzen hasi ginenetik, ezusteko ugari izan ditugu: Lehena, gure bailaran, 80 pertsona bizirik zaudetela jakin izan dugu, horien artean zuek guztiok. Bigarrena, erbestean zenbat jaio ziren. Hemen adibide batzuk baditugu. Eta hirugarrena zenbat ume hil ziren ihesaldian”.

Frontean borrokatu gabe ere gehien sufritu zutenak izan zirela esan die Gomezek. Umeek ulertzen ez zuten gerra batean murgilduta ikusi zuten haien burua, ihesean.

Jon Ganbra Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen Zuzendariak, bere aldetik, elkarteek memoriaren berreskuratzean egiten duten lana aitortu du. Intxorta 1937 Kultur Elkartearen lana Debagoienetik Gipuzkoa osora zabalduko dela ere esan du ekitaldian.

Iñigo Arregik egindako 'Egiaren Iturria' eskultura bana jaso dute erresistentziaren oroigarri gisa.

Carmen Ambroy Aranzabal, Jose María Ambroy Aranzabal, Joseba Askasibar Garate, Garbiñe Arrieta Aztiazaran, Ana Maria Arruabarrena Etxezarreta, Manuel Arruabarrena Etxezarreta, Albiñe Azkarate Garai, Edurne Begiristain Urzelai, Narciso Begiristain Urzelai, Maria Francisca Begiristain Urzelai, Silvestre, Begiristain Urzelai, Eulogio Díez Sánchez, Julia Ezenarro Arostegui, Maria Dolores Estevez Saez, Lucía Farras Laskurain, Esther Farras Laskurain, Anastasio Herran Izarra, Mari Carmen Herran Izarra, Jose Luis Irazabal Nuez, Montserrat Masatc Aranzabal Sol Telleriarte Egidazu, Maria Pilar Urzelai Arenaza, Francisco, Urcelay Arenaza, Trini Urzelai Arenaza, Esther Viciola Velasco, Pilar Viciola Velasco eta Felipe Zuñiga Sanchez dira Intxorta 1937 Kultur Elkarteak bizirik daudela identifikatu dituen bergararrak.
Urte hauetan hildakoak ere gogoan izan dituzte ekitaldian eta minutu bateko isilunearekin egin diete gorazarre.