Apirilaren 26an batzartu da Bergarako Udalbatza ohiko osoko bilkuran. Gai zerrendan zegoen, besteak beste, ENBA eta EHNE sindikatuek aurkeztutako “Mendiko abeltzaintzaren eta otsoaren populazioaren kontrolaren aldeko mozioa”. Honen aurrean EH Bilduk lehenik eta ondoren EAJ-PNVk, PSErekin batera, mozio alternatibo bana aurkeztu zituzten.

Ohiko prozedurari jarraituz, eta atzetik aurrera hasita, EAJ-PNVk eta PSEk aurkeztutakoa bozkatu zen lehenik. Ez zuen aurrera egin, haien aldeko botoak baino ez zituelako jaso. EH Bilduk kontra bozkatzeko bi arrazoi eman zituen: “forma aldetik akatsa duelako, batetik, eta aplikagarria ez den direktiba bat aplikatzeko eskaera dakarrelako, bestetik”, azaldu zuen Nagore Iñurrategi bozeramaleak.

EH Bilduk aurkeztutako mozioa aztertu zen ondoren eta hau onartu zenez ez zen ENBAk eta EHNEk aurkeztutakoa bozkatu. Bi sindikatuek aurkeztutako mozioan bi gauza eskatzen ziren: “Lehendabizikoa Transitzio Ekologikoa eta Erronka Demografikorako ministerioarentzat, otsoaren babesa areagotzeko erabakiaren aurka eta otsoaren populazioa kudeatu ahal izateko baliabide guztiak kontuan har ditzan, besteak beste, ehiza. Eta bigarrena, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailari otsoa babes bereziko espezieen katalogoan ez dezala sartu eskatuz.”

EH Bilduko Udal taldeak honen aurrean adierazi zuen: “Eusko Jaurlaritzak otsoa (Canis lupus) Basa eta Itsas Fauna eta Landiredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoan sartuta duela dagoeneko”. Eta bestetik, “Trantsizio Ekologikoa eta Erronka Demografikorako ministerioari egiten zaion eskaerak ere ez duela logikarik, EAEn arriskuan izendatuta dagoen espezie baten populazioak kudeatzeko ezin baitu ehiza baimendu”.

Hala, erabaki da EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJ-PNV eta PSEren kontrako botoekin: “Bergarako Udalak helaraziko dio Trantsizio Ekologikoa eta Erronka Demografikorako ministerioari otsoa (Canis lupus) Babes Bereziko Erregimenean dauden basa-espezieen Zerrendan (LESRPE) sartzeko azaldu duen borondatea gauzatu dezala, iaz Eusko Jaurlaritzak ireki zuen bideari jarraituz”.

Udalbatzako talde guztiek azaldu zuten baserritarren egoerarekiko kezka eta hauen jarduna sustatu eta laguntzeko beharra. Ildo horretan, Nagore Iñurrategik azaldu zuen, beste gai batzuk daudela une honetan baserritarrentzat arazo errealagoak direnak, generazio aldaketa, landaketa intentsiboak, digitalizazioa eta beste. Eta ildo horretan lan egin behar dela aldarrikatu zuen.

Bestetik, etxez etxeko laguntza zerbitzua lizitatzeko kontratazio espedientea onartu zen. Eta ondorioz deialdia egingo da. EH Bilduk alde bozkatu du eta EAJ-PNV eta PSE abstenitu egin dira.

Laboratorium Museoari Durangoko Arte eta Historia Museoak egindako dohaintza onartu da aho batez. Laboratoriumeko natur zientzien bilduma aberastu egin da tximeleta eta kakalardo disekatuen dohaintza honekin.

Udalbatzaren izenean eskerrak eman dizkio Gorka Artola alkateak Durangoko museoari. EAJ-PNVko Martin Etxanizek zinegotzi kargua hartu du bilkura honetan, Elena Lete ordezkatuz. Alkateak ongi etorria egin dio.

 

BIDEOA