Ludoteken inguruko hausnarketa prozesua egingo da zerbitzua hobetzeko helburuarekin

Angizozarko eta Osintxuko auzoetako ia ume guztiek erabiltzen dituzte bertako ludoteketako zerbitzuak. Oxirondon ez bezala.

Hiru ludoteka daude Bergaran. Oxirondoko ludotekan, bertara hurbiltzen den haurren perfilaren gehiengoa guraso etorkinen seme-alabak dira. "Egoera honek kulturartekotasunaren lanketa konplexua izatea ekartzen du, ez delako herrian dagoen kultur aniztasunaren islada. Haurren artean euskararen erabilera sustatzeko zailtasunak izaten ditugu eta perfil anitzagoa izateak kulturartekotasunean urratsak ematen lagunduko luke”, Ekaitz Aranberri zinegotziaren esanetan.

Hori honela, maiatzean partaidetza prozesu bat gauzatuko da herriko gurasoekin, haurrak ludotekan izenik ez emateko arrazoiak ezagutzeko. Bilera bana egingo da ludotekako erabiltzaile diren guraso eta umeekin eta ludotekako erabiltzaileak ez diren gurasoekin. Prozesua ekaina erdialderako amaitzea aurreikusi da.

Zerbitzua ez erabiltzearen arrazoiak ezagututa eskaintza egokitzea aztertuko da, helburua baita Bergarako haur guztiek aukera izan dezaten kalitatezko aisialdiaz gozatzeko.

Ludoteka jolasa oinarri hartuta aisialdiaz modu hezitzaile batean gozatzeko aukera eskaintzen duen zerbitzua da. Bergarako Udalaren asmoa herriko gurasoekin, ludotekaren inguruko hausnarketa partekatzea da, guztion artean etorkizunera begira eman beharreko urratsak definitzeko.

Ludopatiaz sentsibilizatzeko bi hitzaldi egingo dira

Bergarako Udaleko zein Arrasate Udaleko Gizarte Zerbitzuek ludopatiaren gaia lantzeko bi hitzaldi antolatu dituzte. Menpekotasunen inguruko informazio eguneratua eta sentsibilizazioa lantzeko helburuarekin antolatu dira hitzaldiok.

Ludopatiaren gaiari lotuta, azken aldian forma berriak, pertsonen perfil berriekin agertzen ari dira. Horregatik, hauei aurre egiteko behar beharrezkoa da informazio gaurkotua izatea. Horretan lagunduko dute bi hitzaldiok.

Bergaran bi hitzaldiak Irizar Jauregiko Euskaldun berria aretoan egingo dira. Lehena, maiatzaren 12an, 18:30ean izango da. 'Ludopatiak bizitza hankaz gora jartzen dizunean' izenburupean bere testigantza kontatuko du Josu Vianak, euskaraz. Bigarren hitzaldia gaztelaniaz izango da: 'Ludopatia: cuando ya no es un juego', maiatzaren 19an emango du Karmele Gurrutxagak, Jokalari Anonimoak elkarteko psikologoak, hau ere 18:30ean.

Hitzaldiak entzuteko izena eman behar da aurrez, aloidi@bergara.eus helbidera idatziz edota 943 779 126 telefonora deituz.

Herritarrek dituzten premien argazkia eginez abiatu da ortu komunitarioen prozesua

Apirilaren 28an egin da ortu komunitarioen proiektuaren inguruko lehen bilera irekia gaian interesa adierazi duten herritar eta eragileekin.

UNEDen egindako bilerarekin abiatu da prozesua, lehen bilerari jarritako helburua beteta: herrian gaiaren inguruan dagoen eskaera errealagoaren argazkia izatea. Lehen bilera honetan parte hartu zuten pertsonek (50 baino gehiago) ortu komunitarioen inguruan dituzten premiak, gogoak, helburuak... azaldu zituzten.

30 pertsona inguruk azaldu zuten lur sail bat lantzeko gogoa eta horiek ildo hori landu zuten bileran. Bigarren talde batean bildu ziren bestelako proiektuak gauzatu nahiko lituzketen pertsonak. Ikastetxeetatik, adibidez, baratze proiektua bertan gauzatu ahal izateko aukera ere komentatu zen. Ortuen izaera hezitzailean sakontzeko aukera egongo litzateke horrela.

“Proiektua integrala izatea nahi dugu, horregatik, norbanakoen ortu soilez haragoko ekimen berri, berritzaileak gauzatu nahi dituztenek ere euren lekua topatuko dute ekimenean”, Ekaitz Aranberri zinegotziaren esanetan. “Lehen bileran bertan ikusi dugu ortuen inguruan jendeak ideia eta proiektu desberdinak dituela, halaber, Udalak bazekien herri mailan badagoela gaiarekiko eskaera baina ez zen horrenbestekoa aurreikusten”, gehitu du Aranberrik.
Prozesu osoa herritarrekin eta eragileekin batera egin nahi du Bergarako Udal Gobernuak, lehenago ere azaldu duen moduan. Helburuak, kokapena, arautegia eta funtzionamendua, besteak beste, partaidetza prozesu baten bidez zehaztuko dira.

Lehen bilera horretan adierazitakoak mahai gainean jarri eta hurrengo urratsak zehaztuko dira. Parte hartzean oinarritutako prozesua denez, unean joango dira epeak eta beste zehatzen. Ezartzen diren helburuek baldintzatuko dute proiektuaren diseinua eta ondorioz, epeak. Hala ere, orientagarria den kronograma bat badago dagoeneko: 2021eko abenduan exekutatuko lirateke ortuak, 2022ko urtarril eta otsailean osatuko litzateke lurra landuko luketenen zerrenda eta 2022ko martxoan adostuko litzateke arautegia erabiltzaileekin.

Udaltzaingoko agenteen lan-poltsarako deialdia egin du Bergarako Udalak

Aldi baterako premiei erantzungo dieten izendapen premietarako Udaltzaingoko agenteen oposizio-lehiaketa bidez lan-poltsa bat sortzeko deialdia egin du Bergarako Udalak. Izen-ematea maiatzaren 12ra arte dago zabalik. 

Lanpostuaren ezaugarriak hauek dira:

  • Titulazioa: Batxilergoa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa edo baliokide den titulua izatea. 

  • Atzerriko titulazioen kasuan, titulua homologatuta dagoela dioen ziurtagutunaren jabe izatea.

  • Hizkuntza-eskakizuna: HAEE/IVAPeko 2. hizkuntza-eskakizuna, derrigorrezkoa.

  • Indarrean dagoen B motako gida-baimena.

Lan-poltsa hau egun udalean indarrean dagoenaren osagarria izango da, aurreko lan-poltsak lehentasuna izanik eta deialdi honetakotik sortutakoarekin osatuz, hura indarrean dagoen bitartean.

Deialdiaren oinarriak

Eskaera orria

 

 

Aste honetan zapatuko azoka bihar egingo da

Zapatuan egiten den baserritarren azoka egun bat aurreratuko da aste honetan, eta bihar, ostirala, egingo da.
Maiatzaren 1a da larunbata, langileen eguna, jai eguna, baita.