Apirilaren 28an egin da ortu komunitarioen proiektuaren inguruko lehen bilera irekia gaian interesa adierazi duten herritar eta eragileekin.

UNEDen egindako bilerarekin abiatu da prozesua, lehen bilerari jarritako helburua beteta: herrian gaiaren inguruan dagoen eskaera errealagoaren argazkia izatea. Lehen bilera honetan parte hartu zuten pertsonek (50 baino gehiago) ortu komunitarioen inguruan dituzten premiak, gogoak, helburuak... azaldu zituzten.

30 pertsona inguruk azaldu zuten lur sail bat lantzeko gogoa eta horiek ildo hori landu zuten bileran. Bigarren talde batean bildu ziren bestelako proiektuak gauzatu nahiko lituzketen pertsonak. Ikastetxeetatik, adibidez, baratze proiektua bertan gauzatu ahal izateko aukera ere komentatu zen. Ortuen izaera hezitzailean sakontzeko aukera egongo litzateke horrela.

“Proiektua integrala izatea nahi dugu, horregatik, norbanakoen ortu soilez haragoko ekimen berri, berritzaileak gauzatu nahi dituztenek ere euren lekua topatuko dute ekimenean”, Ekaitz Aranberri zinegotziaren esanetan. “Lehen bileran bertan ikusi dugu ortuen inguruan jendeak ideia eta proiektu desberdinak dituela, halaber, Udalak bazekien herri mailan badagoela gaiarekiko eskaera baina ez zen horrenbestekoa aurreikusten”, gehitu du Aranberrik.

Prozesu osoa herritarrekin eta eragileekin batera egin nahi du Bergarako Udal Gobernuak, lehenago ere azaldu duen moduan. Helburuak, kokapena, arautegia eta funtzionamendua, besteak beste, partaidetza prozesu baten bidez zehaztuko dira.

Lehen bilera horretan adierazitakoak mahai gainean jarri eta hurrengo urratsak zehaztuko dira. Parte hartzean oinarritutako prozesua denez, unean joango dira epeak eta beste zehatzen. Ezartzen diren helburuek baldintzatuko dute proiektuaren diseinua eta ondorioz, epeak. Hala ere, orientagarria den kronograma bat badago dagoeneko: 2021eko abenduan exekutatuko lirateke ortuak, 2022ko urtarril eta otsailean osatuko litzateke lurra landuko luketenen zerrenda eta 2022ko martxoan adostuko litzateke arautegia erabiltzaileekin.