Bergarako Udalak herritarrei jakinarazi nahi die aurten ere ez duela ospakizunik antolatuko San Martzial egunaren testuinguruan. Osasun egoera aintzat hartuta, oraindik ez dago baldintza egokirik jende pilaketak eragiten dituzten jai giroko ekimenak antolatzeko.

Bi eskaera ere egin nahi dizkie bergararrei: pertsonen artean elkar zaintzeko, azken hilabeteotan egin duten moduan, eta ingurunea ere zain dezaten.

Osasun zein udal administrazioetatik emandako jarraibideak aintzat hartzea beharrezkoa da, azken aste eta hilabeteotan gaitzaren hedapena murriztea ekarri duen ahalegina alferrikakoa izan ez dadin.

Bergararrei pazientziaz eta arduraz joka dezaten eskatu nahi die Udalak. Ondo ari gara orain arte. Badakigu guztiok nahi eta behar ditugula aisialdia, jaia egin, lagunekin egon... baina erantzukizunez ekitea dagokigu.