María Jose Tellería, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendariak; Gorka Artola, Bergarako Alkateak; Jon Molina, San Pedroko parrokoak; Aitor Olea, Stoltz organoko organista titularrak; eta Iñigo Alberdi, Stoltz Elkarteko kideak Bergarako San Pedro parrokian egin duten agerraldian aurkeztu dute bertako organoaren zaharberritzea.

María Jose Telleríak esan du: “Plazer handia da aurkezpen hau partekatzea eta bere organoak Bergararentzat duen garrantzia eta balioa egiaztatu ahal izatea. Erakundeok ondarea birgaitzeko egiten dugun ahalegin ekonomiko horrek zentzu osoa hartzen du, herritarrek beraiek defendatzen dutenean organoa kontserbatzea, kasu honetan, eta aldarrikapen hutsetik haratago, proiektuan parte hartzeko konpromiso ekonomikoa erakusten dutenean. Foru Aldundiak eskerrak eman nahi dizkie San Pedro parrokiari, Donostiako Elizbarrutiari, Stolzt Elkarteari eta Udalari proiektu honetan erakutsi duten gogo beroagatik eta konbentzimenduagatik”.

Gorka Artolak ere ildo beretik hitz egin du. “Ondare publikoa herritarrentzat berreskuratzea da gure erronketako bat. Gure ondarearen beste elementu batzuekin egin dugun moduan, bergararren eta bisitatu gaituztenen eskura jarri behar dugu hau ere. Askotan ez dugu gure herrian bertan duguna ezagutzen edo behar beste baloratzen, eta kanpotik etorri behar izaten zaizkigu hori esatera. Guk zorte handia dugu badagoelako Bergarako Stoltz Frères Organoaren Lagunak elkartea, eta lan handia egiten ari da”.

STOLTZ-FRÈRES ORGANOAREN INGURUAN (1889)
Parisko Eiffel dorreak 1889-3-31n, lan amaituaren ikuspegi orokorra izan zuen. Parisko Stoltz-Frères organoa ere urte berean, eta hilabete berean, egun batzuk aurretik: 1889-3- 18an Bergarako San Pedro elizan inauguratu zen. Eugène et Edouard Stoltz organogileek Bergarako San Pedro elizan bertan eraiki zuten organoa.

Gaur egun, mundu osoan jatorrizko egoeratik gertuen dagoen Stoltz-Frères etxeko organo handien artean bakarra dugu. Marka bereko beste organo batzuekin alderatuz, jatorrizkoaren hurbileko baldintzetan mantentzen denez, Stoltz-Frères etxearen lekuko paregabe sinbolikoa da.

Instrumentu erromantiko garrantzitsua da; ez du aldaketarik jasan, eta bere soinu-ezaugarriak oso jatorrizkoak dira. XIX.mendeko organo erromantikoaren salbuespen-ondarea dugu.

Bergarako organoaren kostua Martina Maíz Bagazgoitia (1820-1891) andreak, Blanc-en alargunak, ordaindu zuen oso-osorik (37.500 libera). Bergarako organo hau ere oso ezaguna da munduan, azken urteetan batik bat, organo honekin egindako zenbait grabazio direla medio –bereziki, Aeolus eta Ausrecords etxeek egindakoak (Alemaniakoa eta Euskal Herrikoa, hurrenez hurren).

Bitxikeria gisa, aipagarria da organo hau instrumentu mota horretan ohikoa dena baino tonu erdi baxuago afinatuta dagoela.

Eskuzko hiru teklatu ditu, 56 notakoak, eta 30 notako beste hankazko teklatu bat; guztira 36 joko, 2343 tutu (horietatik 2247 soinua egiten dute eta 96 apainekoak dira), hauspo, haizegailua, 2 bonba eta beraien mekanismoa, 3 haize loturak, Barker Makina Neumatikoa eta beraien eta loturen makina, 8 sekretuak eta beste 2 sekretu txiki, 5 kaxa haize sarbideak, Dardara.

Gaur egun Stoltz-Frères organoak bere 132 urteen ibilbidearen nekea jasaten du, eta bere endekatze prozesuak aurrera jarraitzen du, eta hauek dira besteak beste agertzen zaizkion kalteak:
- Mihizko tutuak tolesten ari dira zeren eta eztainu-kantitate altua da beraien edukian. Duruntzaileak eta hanken bitarteko loturak apurtzeko arriskuan daude.
- Hauspoetako azala oso zahartuta dago eta materialaren nekeagatik hauspoek hermetikotasuna galdu dute. Azalak pitzatzen ari dira eta aire-ihesak ugariak dira.
- Sekretuek lasaikeriak dituzte eta haizea zirrikituetatik ihes egiten zaie.
- Barker-a makina pneumatikoak eta lehen teklatuaren noten transmisioa zaratatsua bihurtu da, eta bat ez etortzeak nabarmen eta iraunkorrak dira, non notak gelditzen dira.
- 1670.urtean Lazaro de Aranceaga-k eginiko kaxak eta Stoltz anaiek 1889. urtean erantsitako alboko aurrealdeak xilofago-presentzia dute. Era berean organoko kontsolan xilofagoak eginiko kalteak agerian daude.

ELKARLANA
Gure elkartea 2014.urtean sortu zen. Bergarako San Pedro parrokiako Stoltz Frères organoa maila guztietan babestea,sustatzea eta zabaltzea ditu helburu nagusiak. 2009.urtean Stoltz Frères organoaren birgaitzarako lehiaketa bat egin zen, eta lehiaketa horretan Michel Jurine organogilea irabazle suertatu zen.
Ordutik hona hainbat kontzertu antolatu ditu Elkarteak eta asko izan dira organoaren birgaitzearen alde, ezer kobratu gabe parte hartu duten organo-jole eta musikariak. Guztiei eskerrik beroenak, eta eskerra Bergarako herritarrei, kontzertuetan jaso den diru guztiagatik.
Azken urtean zaharberritzeak pauso oso garrantzi bat eman du, zeinetan erakunde ezberdinak, elkarlanean, zaharberritze hau posible egingo duten. Guztiei, gure eskerrik beroenak.
Hona hemen datu ekonomikoak:
Aurrekontua: 386.862,00€ (Michel Jurine, SARL) + BEZ (21%) GUZTIRA 468.103,02€.
Erakunde bakoitzaren ekarpena:
Gipuzkoako Foru Aldundia: 234.000€
San Pedro Parrokia: 80:000€
Bergarako Udala: 60.000€
Donostiako Elizbarrutia: 54.000€
Stoltz Elkartea:40.103,02€
Ekarpen guztien batuketa: 468.103,02€
Zaharberritze prozesua 2022. urteko urtarrilean hasiko da, eta dena ongi badoa 2024. urteko ekainerako amaituko da.