Zubieta eta Masterreka kaleak berritzeko lanak aurreikusi bezala hasi dira, astelehenean, hilaren 17an.

Lanak hasi aurretik lehen faseko eremuan bizi diren bizilagunei zuzendutako zama lanak egiteko gune bat jartzea aurreikusi zen. Aste honetan, ordea, bigarren bat sortzea erabaki da, eta horrela, gune honen alde banatan izango dute bizilagunek espazioa autoa lagatzeko zama lanak egiteko.

Zubieta 6-32 eta 5-19 zenbaki bitarteko etxebizitzetako auzokideei etxe bakoitzeko txartel bat entregatuko zaie, postontzian utziko dena, erabilgarri jarriko diren bi guneetan 08:00etatik 21:00ak bitartean zama lanak egin ahal izateko.

Bestetik, eta auzotarrekin egindako azken bileran auzotar batzuk helarazitako kezka ikusita, etxebizitzen barruko egungo egoera jasoko duen notarioaren aurreko akta egitea erabaki du Udalak. Aurreikusi zen fatxaden jarraipena egitea.

Urtarrilaren 18an aritu dira Udaleko langileak Zubieta 8 eta 22 arteko zenbaki bikoitietako etxebizitzetan argazkiak egiten. Etxean ez zeuden, edo lokalizatu gabeko bizilagunekin harremana egiten saiatuko dira teknikariak. Bertako bizilagunen batek nahi izatekotan Udaleko Bulego Teknikoarekin hitz egin dezake 943 779 138 zenbakira deituta.