Urtarrilaren 31n egin duen ohiko osoko bilkuran aho batez onartu du Bergarako udalbatzak Arcelus Larrañaga familiak egin duen lursail baten lagapena. Horri esker Buruñao auzoan dagoen bidegurutzea hobetuko da. Eremu horretan ibilgailuek, bidegorrian doazen bizikletek eta oinezkoek bat egiten dute, estua da, eta ikuspen murritza dago bertan. 

 

Auzotarren aspaldiko eskaera da bidegurutze hori hobetzea. Udaz geroztik aritu da Udal Gobernua familiarekin gaiaren inguruan, eta orain dela hilabete inguru egin du 135,50 m2ko lagapena egiteko proposamena Arzelus Larrañaga familiak. Aurretik landuta dagoen proposamena berrartuko da orain, eta lanen proposamena idazteko esleipena egingo da. 

 

Nagore Iñurrategi bozeramaleak bilkuran azaldu duenez, “berri ona da, auzokoek urtetan egin duten eskaera bati erantzuteko pausu bat baita”. Zabaldu egingo da bidegurutzea, bide zati bat gehituz, bi norabide izango ditu, ez da alde batetik bestera gurutzatu beharko, eta ikuspena hobetu egingo da, segurtasuna handituz. 

 

Gorka Artola alkateak eskerrak eman dizkie Edurne, Maria Ines eta Mari Jesus Arzelus Larrañagari izan duten jarreragatik eta lursailaren lagapena egiteagatik. 

 

Bileran landutako gai guztiak onartu dira kontrako bozkarik gabe, tartean, aho batez, PSE-EEk aurkeztutako “Jazarpenik gabeko abortua” mozioa. Horren bitartez bi puntutan jasotako aldarrikapena egiten du Udalak: 

  1. Bergarako Udalak errefusatu egiten du haurdunaldia borondatez eteteko kliniketara jotzen duten emakumeen edozein jazarpen, larderia edo askatasun urraketa, eta, horrenbestez, jazarpen-jokabide horiek zigortzearen alde agertzen da. 

  2. Bergarako Udala, bere eskumenen esparruan, sexu-hezkuntzarako eta nahi ez diren haurdunaldiak prebenitzeko programak ezartzearen alde dago.