Pausu puntualak eman diren arren, beheranzko joera nabarmenean dago nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera profesionala Bergaran eta Debagoienan. Lehen sektorearen beherakada honi, lan eta bizi baldintzei eta kontsumo behar berriei erantzuteko gune bat sortzeko proposamena landu zuen herritar talde batek pasa den urteko udaberrian eta gaiari erantzun kolektiboa emateko beharra ikusi zen. Behar horri tiraka, eta azokaren inguruan egindako prozesuak bultzatuta sortu da Elikadura mahaia.

Herri bezala, maila praktikoan ekimenak sustatzeko beharretik, ekoizpen, heziketa eta kontsumo beharrak lotu eta herri mailako estrategia landu, eta ekintzak proposatzeko eratu da Elikadura mahaia.

Askotariko eragileek osatzen dute: Bergarako Udaleko ordezkari tekniko zein politikoek, Deba Garaia Debagoieneko Landa Garapenerako Elkarteko, Ereindajaneko, Ehunduko, Eskubaratzako (herriko ekoizleen ordezkari bezala) eta herriko nutrizionisten ordezkariek. Eta gaiarekin kezka edo interesa duen edozein herritarri irekita dago.

Beste ekimen batzuekin egiten ari den moduan, mahai hau ere, gobernantza eredu berri baten adibide da, eta bertan, Udala herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, herriarentzat onuragarriak diren proiektuak sortu eta gauzatuko dira.
Elikadura burujabetzari begira, eragile eta ekimen desberdinak norabide berean jarri eta beraien artean sareak eraikitzen joateko helburua badu mahai honek, baina baita elikadura burujabetza eta agroekologiaren oinarria lantzea, eta gai honi begirako transmisioa emateko helburua ere. Hori dela eta, lehen sektorean eragin nahi da, ekoizpenean eragin nahi delako, baina baita beste guneetan ere: transformazioan, banaketan, kontsumoan, sentsibilizazioan, heziketan…

Ekoizpen, heziketa eta kontsumo beharrak lotuz, herri mailako estrategia eta lehen sektoreari lotutako ekintza-plana landu eta gauzatuko da. Elikadura burujabetzari begira, eragile eta ekimenak norabide berean jarri, eta gai honen bueltan aktiboki ari diren eragileak konektatzeko eta ez daudenak hurbiltzeko lana ere egino du. Horrez gain, hainbat arlotan elikadura burujabetza eta agroekologiaren oinarria lantzeko eta gai horri begirako transmisioa emateko ere mahai hau osatzea beharrezkotzat ikusi da, baita une honetan herri mailan lantzen ari diren egitasmoen arteko aliantzak jorratzeko ere.

Aurretik aipatutakoari helduz, elikadura kate osoan eragiteko aukerak ikusten dira herrian, lotura desberdinak ikusten direlako katearen zati desberdinen artean. Ekoizpenean eragiteak banaketa eta kontsumoa birplanteatzea ekar dezake, eta kontrara, kontsumoan eragiteak ekoizpen behar berriak sortu ditzake. Berdina gertatzen da transformazioarekin, ekoizpena handituz gero transformazio guneetan eragin dezake, eta alderantziz.

Esan bezala, mahai honek hainbat erronkari erantzuteko ardura izango du, hala nola ekoizle gehiago erakartzea, lehen sektorean (auto)enplegua sortzea, agroekologiaren oinarria lantzea eta transmititzea, sentsibilizazio lanak egitea herrian (herritarrekin, Udal barnean eta ekoizle handi zein txikiekin) eta esperientzien elkarbanatzea bertatik ikasi eta herrira ekarri daitezkeenak baloratzea.

Hala ere, hiru proiektu nagusiri heltzea erabaki da. Alde batetik, lehen sektorearen erreleboari erantzuna ematea, jada instalatuta dauden ekoizleei lagunduz eta ekoizpen egitasmo berriak martxan jarriz. Beste alde batetik, baserritarren azokaren inguruan hasitako hausnarketari jarraipena eman, eta bertatik ateratako ondorioak ekintza zehatzetara eramatea. Azkenik, herrian dauden hainbat erakundetako jangelatan elikadura eredu jasangarria bultzatzea. Horrez gain, elikadura osasungarria, lurrari lotutakoa eta lan baldintza duinak izango dituen elikadura eredua gauza dadin ekimenak bultzatuko dira.