Bergaran mugikortasunaren inguruko azterketa egin du Leber enpresak Udalak eskatuta. Mugikortasuna hobetzeko hainbat proposamen egin ditu. Horiek aztertu ditu Udal Gobernuak eta lehentasunak markatu. Datozen egunotan gaiaren lanketa egingo du oposizioarekin eta ondoren herritarrekin partekatuko du. Horren azken emaitza mugikortasun plana izango da.

Jasangarritasun irizpideei jarraituta landu da proposamena. Bost arlo aztertu dira, eta bakoitzean helburuak eta ekintzak proposatu, eta Udal Gobernuak lehentasunak ere ezarri ditu.

Arloak dira: oinezkoen mugikortasuna, garraio publikoa, bizikleta, trafikoa eta aparkalekua.

Oinezkoei dagokienean, eta diagnostikoan ikusi ahal izan denez, oinezkoen barne-mugimendua garrantzitsua da Bergaran. Arlo honetan helburu nagusia Bergaran oinez bizi eta mugitzeko esperientzia hobetzea da. Udal Gobernuak ildo honetan, eta epe laburrerako lehentasun gisa ikusi ditu, esaterako, trafikoa lasaitzeko neurriak ezartzea, Zubietan eta Masterrekan espaloiak zabaltzea eta Metrominutu ekimena martxan jartzea.

Garraio publikoari dagokionez, horren erabilera % 3koa da barneko lekualdatzeetan
eta % 23koa, berriz, kanpokoetan. Hori hobetzea izango da helburua, eta Udal Gobernuak epe laburrean lantzeko ikusten dituen lehentasunak dira: auzo-taxia eta Herribusaren erabilera areagotzeko neurriak hartzea (erabilera eta gastua partekatzea proposatuz, adibidez) eta Taxi lagun zerbitzu berria sustatzea, pertsona nagusiak anbulatoriora hurbiltzeko.

Bizikletaren erabilera txikia da Bergaran; lekualdatze global guztietatik % 2 egiten dira bizikletaz eta emakumeek ez dute apenas erabiltzen. Helburua da, hortaz, erabileraren areagotze progresiboa egitea. Horretarako, epe laburrean landu beharrekoak hauek ikusten ditu Gobernuak: Bizikleta aparkalekuak gehitu, bizikleta-kaleak ezarri (kotxe/bizikleta erabilera partekatudunak) eta bidegorri sarea osatu (Antzuolara konexioa).

Trafikoa baretzeko neurriak ere lehentasun ikusten ditu Gobernuak. Trafikoa baretzearekin batera jasangarritasuna eta segurtasuna handituz.

“Bergarak dituen aparkaleku-baliabideak aztertu ondoren, eta jasangarritasun irizpideak aintzat harturik, azpiegitura berriak eraikitzea baino, uste dugu kaleko aparkalekuen kudeaketa eraginkorra giltzarria dela herrian mugikortasun iraunkorragoa lortzeko”, dio Leberrek egindako azterketak. Horren azterketa epe ertainera egin beharrekoa dela uste du Udal Gobernuak.