Bergara izan, bizi, ekin planean lan-munduan euskararen erabilera sustatzeko proiektua garatzea jasotzen da. 2021. urteko maiatzaren amaieran aurkeztu zitzaien egitasmoa horretarako osatu den lan-mahaiko kideei. Udaleko Euskara eta Garapen sozio-ekonomikoa sailetatik bideratzen ari da.

Lan handia egin da herrian zein eskualdean lan-munduan euskara txertatzeko eta sustatzeko, hortaz, ekimena ez da hutsetik abiatu, eta bertan parte hartzen duten eragileak ildo horretan esperientzia handia metatu dutenak dira. Badira euskara-plan integralak dituzten enpresak; badira Lantokiko prestakuntza edo DUALA euskaraz eskaintzen dutenak, eta badira, halaber, Euskaraldian parte-hartze aktiboa izan dutenak.

Lan-munduan euskararen normalizazioan aitzindariak dira lan-mahaiko kideak, eta enpresa horien esperientziak emandako praktika onak jarriko dira gainontzeko enpresen eskura. Miguel Altunak, Enpresarek, Soralucek, Errekak, Elayk, Fagor Ederlanek, Lazpiurrek, Ecenarrok, Mondragon taldeak, Jardunek eta Udalak osatzen dute lan-mahaia, eta EMUN aholkularitza enpresaren laguntza dute.

Hiru-lau urterako egitasmoa da euskara lan-munduan sustatzeko 'Harixa' egitasmoa. Apirilaren 7an egin zuen lan-mahaiak bilera eta bertan finkatu ziren aurrera begirako ildo nagusiak, eta aurreikusten da maiatzetik aurrera enpresekin bilerak egitea egitasmoa aurkezteko. Oinarrizko proposamena enpresa bakoitzean lantalde txiki bat osatzea eta bertako hizkuntza egoeraren diagnostikoa egitea izango da.

Lehentasun bat ere finkatu dute ondoren: laneko prestakuntza. Ikasleek haien praktikaldiak edo Duala euskaraz egin ditzaten izango da helburuetako bat.

Arloa: