Maiatzaren 8an, igandea, Gipuzkoako Erroten Eguna egingo da lehen aldiz, eta horrekin batera, ondare-elementu horien inguruko askotariko jarduerak egingo dira, horien balioa nabarmendu, eta jendeari ezagutarazteko

Gipuzkoako Erroten Eguna ospatzeko ekimena Ihurrita Errota elkarteak bultzatu du, eta lurraldeko hainbat elkarte, udalerri eta eragileren laguntza izan du, besteak beste, Bergarako Udalarena. 

Jendeari errotak hobeto ezagutzeko eta ondare-elementu horri lotutako alderdi ezberdinak ulertzeko aukera ematea du helburu: historia eta kultura, ingurumena, teknologia, energia desberdinen erabilera eta gure gizarteak eta paisaiak izan dituzten aldaketak.

Errotak gure ondare historiko, teknologiko, antropologiko eta etnografikoaren parte dira. Mende askotan zehar garrantzia handia izan dute Gipuzkoako garapen sozial, ekonomiko eta industrialean. Lurraldearen orografiari eta klima euritsuari esker, errotaren industria garatu da, mendeetan zehar energia hidraulikoa baliatzen baitzuen komunitateari zerbitzua ematen zion hainbat zereal mota ehotzeko. Zerrategi moduan ere erabili ziren asko, eta argindarra eraman zela lehen aldiz leku askotara eurei esker.

Bergaran maiatzaren 3tik 8ra bitartean, hitzaldia, bisita gidatuak, ibilaldia eta beste egingo dira. Hau da egitaraua: 

Maiatzak 3, asteartea. Hitzaldia: 'Bergarako Errotak / Molinos de Bergara' hitzaldia (gaztelaniaz). Hizlaria: Patxi Larrañaga. Sarrera doan. 19:00etan, Seminarixoan.

Maiatzak 7, larunbata. Bisita gidatua: San Juan auzoko Narbaizabolua eta Elortzabolua errotetara. 11:00etan eta 12:00etan. Plaza mugatuak; eman izena hemen.

Maiatzak 8, igandea. Ibilaldi zirkularra: 'Angiozarko bailaran zehar hainbat errota bisitatuko dira. 11:00etan. Angiozarko Bailarako Batzarraren laguntzarekin. Euskaraz. Plaza mugatuak; eman izena hemen.

Bestelako jarduerak:

  • Udal liburutegian erroten gaia lantzen duten liburuak bistaratuko dira:

    • Antzuolako baserriak eta errotak. Iñigo Ramiz de Okariz Telleria.

    • Tratado de molinología. Antxon Ramirez Sorondo.

  • Bergarako erroten inguruan argitaratutako hainbat artikulu izango dira irakurgai  www.bergara.eus webgunean. 

Informazioa hemen.

Arloa: