Ekainaren 3tik 7ra bitartean egingo dira Bergarako Pentekoste jaiak, baina gaurtik aurrera jai giro usaina egongo da herrian. Izan ere, gaur bertan, maiatzak 27, arratsaldean zabalduko dira barrakak, eta Pentekoste jaiak amaituta desmuntatuko dira. Aurreko urteetan jaiak hastearekin batera zabaldu, eta hurrengo asteburura arte egon ohi dira.

Azken urteetan bezala Matxiategin daude kokatuta, eta haur zein helduendako barrakak, tonbolak, taberna, txurroak saltzeko kaxeta... daude. 

2,20 euro balioko du barraketako bidaiak, eta 10 euro seiko bonuak. Hilaren 6an goizez eta 8an egun osoz, berriz, 1,30 eurotan egin ahalko da bidaia. 

Bergarako Udala herria gero eta inklusiboa izan dadin egiten ari den lanketari jarraiki, hilaren 5ean eta 6an, 17:00etatik 19:00etara, ez da musikarik jarriko barraketan, behar bereziak dituzten herriko eta inguruetako haurrek ere bertan gozatzeko aukera dezaten. Horrez gain, premia berezia duten haurrei ilaretan lehentasuna ematea eskatu die Udalak gunearen kudeatzaileei, eta gauza bera eskatu nahi die herritarrei ere. 

Aparkalekuak

Barrakek ohiko hilerriko aparkalekuko eremua hartuta, ohi bezala, Matxiategi kalea aparkatzeko gaitu da, poligonoan ere aparkatzeko gunea egongo da, eta jai egunetan eskoletako patioak ere zabalik egongo dira. 

Azokako aparkalekua maiatzaren 31erako hustu egin behar da, txosnagunea bertan jarriko baita aurten. Egun horretan bertan hasiko dira gunea muntatzen, eta ekainaren 9an amaituko dute gunea desmuntatzen. 

Trafikoari dagokionez, bi ohar: ekainaren 3an, 15:00etatik aurrera, Matxiategi kalean postuak muntatzen hasiko dira, eta horiek muntatu bitartean errail bat (herri barrura doana) itxita egongo da. Autobusek pasatzeko aukera izango dute.

Ekainaren 5ean, berriz, goitibeheren ekitaldirako, San Martzial bide guztia kotxez hustu egin behar da, eta San Martzialera bidean trafikoa moztuta egongo da 15:30 eta 18:30 bitartean.