2022ko Pentekoste jaiak amaitu berri, “balorazio oso ona egiten du Udal Gobernuak”, Gorka Artola alkatearen hitzetan. Balorazio sakonagoa datozen egunetan egingo bada ere, esan daiteke aurreikusitako ekintza guztiak egin direla, eta “giro ona egon dela herrian”.

“Jaiak aurkeztu genituenean esan genuen jendea gogotsu zegoela, guztiok ere behar genuela kaleko bizitza berreskuratu, elkarrekin egon, eta horretarako baliatu ditugu bergararrok egun hauek. Ikusi dugu jendea pozik, disfrutatzen, garai batean bezala. Eta hori oso polita izan da. Jende askok esan digu aspaldiko jairik onenak izan direla, beharra zegoenaren seinale.

Giro ona nabaritu da herrian alkatearen iritziz. “Elkar zaintzeko deialdia ere egin genien herritarrei, eta uste dugu hori horrela izan dela, eta bergararrek zein kanpotik etorri direnek oro har izan duten jarrera positiboari esker izan dela”.

Pertsona askoren lanari esker egin ahal izan dira jaiak, gazteek lan handia egin dute, eta lanean jardun duten guztiei eskerrak eman nahi dizkie Udal Gobernuak.