Bergara izan, bizi, ekin planean lan-munduan euskararen erabilera sustatzeko proiektua garatzea jasotzen da. Udaleko Euskara eta Garapen sozio-ekonomikoa sailetatik bideratzen ari den proiektua 2021. urteko maiatzaren amaieran aurkeztu zitzaien egitasmo horretarako osatu den lan-mahaiko kideei. Ordutik hona lanean aritu da taldea, eta datozen egunetan urrats berria egingo du.  

Enpresei hitzarmena sinatzea proposatuko zaie, eta horretarako aurkezpen bilerak egingo dira. Bergaran lan-arloan euskara sustatzeko abian jarri den HARIXA izeneko programa azaldu zaie eta,  enpresei egin nahi zaien proposamen bat aurkeztuko zaie: industria arloko enpresen artean euskara bultzatzeko hitzarmen bat sinatzea. 

Hori dela eta, gaiaren berri emateko aurkezpen bilerak antolatu dira Miguel Altuna Lanbide Heziketa zentroan honako egunetarako:

•           Ekainak 22, asteazkena, 12:00etan eta 17:00etan.

•           Ekainak 30, osteguna, 12:00etan eta 17:00etan.

Lan handia egin da herrian zein eskualdean lan-munduan euskara txertatzeko eta sustatzeko, hortaz, ekimena ez da hutsetik abiatu, eta bertan parte hartzen duten eragileak ildo horretan esperientzia handia metatu dutenak dira. Miguel Altunak, Enpresarek, Soralucek, Errekak, Elayk, Fagor Ederlanek, Lazpiurrek, Ecenarrok, Mondragon taldeak, Jardunek eta Udalak  osatzen dute lan-mahaia, eta EMUN aholkularitza enpresaren laguntza dute.

Oharra: Bilera egoki antolatzeko, eskertuko da aurrez izena ematea helbide honetako formularioa erabilita: https://labur.eus/harixa_bilerak. Edota telefonoz zenbaki honetara deituta: 943779129.

 

 

Arloa: