Bergarako Udalak 'Arrizuriagaren etorkizuna eraikitzen' partaidetza prozesuaren lehen bilerarako deialdia egin die gaian interesa duten eragile eta norbanakoei.

Bergara izan, bizi, ekin planean, 2023. urtera arteko legealdian, Arrizuriaga jauregiari lotuta bi egitasmo jasotzen dira. Batetik, eraikina bera egonkortzea, eta bestetik, hari emango zaion erabilera zehaztea, alegia, bertan garatuko diren jarduerak herritarrekin batera adostea.

Uztailaren 12an aurkeztu zen Arrizuriaga jauregiaren inguruko prozesua, eta aurkezpenean parte hartu zuten pertsonek eraikina bisitatzeko aukera ere izan zuten. 

Orain, partaidetza prozesua bera abiatuko da, gaian interesa duten eragile zein norbanakoekin. Lehen bilera hori irailaren 28an, 18:00etan, Udaletxeko Pleno Aretoan egingo da. 

Arrizuriaga kultur ekipamendu bat izango da, herritar guztiei irekia eta kultur adierazpen mota guztientzako lekua izango duena: hitza, irudia, gorputza, soinua... eta horrekin batera, aurreikusi da Bergarako emakumeen txokoa ere bertan kokatzea. 

Bileran herritar eta eragileen aldetik jaso nahi dira: 

  • Arrizuriagan kultur eragile gisa garatzeko interesgarriak iruditzen zaizkizuen erabilera 

    desberdinak.

  • Espazioen kudeaketa-ereduari buruz egiten dituzuen proposamenak. 

Bilerarako espazioa egoki antolatu ahal izateko, parte hartu nahi dutenei eskatzen zaie inprimaki hau betetzea

Maiatzaren erdialdean hasi ziren eraikina egonkortzeko lanak, eta bost hilabetetan amaitzea aurreikusten da. Kontuan hartu behar dira eraikinaren beraren ezaugarriak ezein lan egiteko. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren ondare izendapena dauka jauregiak, eta horrek baldintza batzuk ezartzen ditu, kanpoko itxura, esaterako, ezingo da aldatu.

Arloa: