Elikadura kate osoan eragiteko asmoz, marko berri bat abiatu zen herrian duela urtebete: Bergarako Elikadura Mahaia. Elikadura burujabetzari begira, eragile eta ekimen desberdinak norabide berean jarri eta haien artean sareak eraikitzeko helburua du, baita elikadura burujabetza eta agroekologiaren oinarria lantzea ere.

Herritarren parte-hartzea oinarri duen proposamen bat aurkeztu dute eragileek, gaur, irailak 27.

Elikadura mahaia osatzen duten kideek (Bergarako Udala, Deba Garaia Debagoieneko Landa Garapenerako Elkartea, Ereindajan, Eskubaratz, herriko nutrizionistak, Ehunduren gidaritzapean) Landarlan elkartea, Biolur elkartea eta EHKOlektiboarekin elkarlanean 'Zure platerean hasten da mundua' jardunaldiak aurkeztu dituzte.

Elikaduraren bueltan egunero hartzen diren erabakiek eragin zuzena dute ingurunean, osasunean, gizartearenean zein munduarenean. Krisi eta informazio nahasgarrien testuinguru honetan, herritarrari elikagaien kontsumo konszienteago baterako foro eta baliabideak eskaintzea dute helburu. Ekoizpen ereduetan sakonduz eta ekologikoa, bertakoa, pertsonen-neurrikoa zein ekonomia sozial eta solidarioan oinarritua balioa emanez.

Egitaraua 

Urriak 6 - Duina proiektuaren emaitzen aurkezpena

Lehen hartu-emana, Biolur elkartea eta herriko ekoizleen eskutik DUINA proiektuaren emaitzen aurkezpena izango da (Irizar Jauregian, 18:30. Urriaren 6an). Sektorean eta herritarrengan duten inplikazio sozioekonomikoagatik garrantzitsuak diren ondorioak partekatuko dira.

Urriak 19 - Dokumental emanaldia

Landarlan Ingurumen elkarteak eta ON Produkzioak-ek aurkeztu berri duten “Zure Platerean hasten da mundua” dokumentalaren emanaldia eta parte-hartzaileekin solasaldia izango dugu urriaren 19an Seminarixoan (zine-kluba).

Urriak 22 – Informazio puntua

Urriaren 22an, goizean zehar Oxirondo azokan agroekologiaren inguruko informazio- puntua ezarriko da, gaia herritarrei hurbiltzeko.

Urriak 26 – Dastaketa solasaldia

Asteazkenetako azoka baliatuz, Nolakoa izango da etorkizuneko elikadura? galderaren inguruan dastaketa-solasaldia izango dugu Oxirondoko azokan urriaren 26an 18:00etan. Bertako produktuak dastatuz zentzumen guztiak martxan jarriko ditugu eta jateko hautatzen dugun horrek eragiten duen aztarnaren inguruan jardungo gara. Kontsumo zein ekoizpen-eredu desberdinak aztertu eta etorkizun iraunkor baterako alternatiba moduan agroekologiak eskaintzen digun aukeraz hausnartuko dugu EHKOlektiboaren eskutik.

Urriak 29 – Etxalde bisita

Urria borobiltzeko, hilaren 29an, larunbata, goizeko 10:00etan EHKOlektiboko kide diren Antzuolako Pikunieta baserrira bisita egingo da. Ate-ireki formatuan bertatik bertara etxaldekoen jarduna ezagutu eta bertako artzaien produktuak dastatzeko aukera izango dugu. Ekintza honetarako izena eman behar da telefono honetan: 635202146.

Azarotik otsailera bitartean, herritar talde ezberdinei zuzendutako jarduerak izango ditugu: Mireia Alberdi eta Alazne Basterra nutrizionisten eskutik “Mila kolore, mila zapore ekimena” jorratuko da LH4ko ikasleekin. Berritasunen artean, “Ikasbidaiko saskiak, bertatik bertara” kanpaina eta “bertako eta sasoiko platerak ostalaritzan” ekimenak.

*Harremanetarako: bergara@ereindajan.eus