'EKINola Etorkizuna zure eskuetan’ jardunaldia egin da bigarren urtez, irailaren 28an, Miguel Altuna Lanbide Heziketa zentroan. Ideia berri eta berritzaileak dituzten eta ekintzaileak diren gazteei zuzendutako jardunaldia da. Bailarako 34 gaztek parte hartu dute aurtengo edizioan, ekintzailetasunarako grina bizirik dagoenaren seinale. 

Autoenpleguaren inguruan sentiberatze lanketa eginez, enpresen eta ekintzaileen arteko harremana sortu, elkar ezagutza sustatu, eta negozio ideia berritzaileak partekatu eta landu dira. 

6 taldetan banatuta proposatu zitzaien erronketarako (talde bakoitzari bat) ideiak aurkeztu zituzten gazteek. 1.000 euroko saria ere eman zaio ideia irabazleari. Oxirondo azoka sustatzeko helburuarekin, hori merkatal-gune bihurtu, gazteengan erakargarri izan dadin, 0km elikagaiak eta plataforma digitala sortzeko garatutako ideiak irabazi du aurtengo lehiaketa. 

Azokari lotutako beste ideia batzuk gartzeko proposamena ere egin zitzaien gazteei, esaterako, Oxirondo azoka berpizteko helburuarekin, Merkataritza arloan erosketa-salmentarako herri mailako aplikazioa sortzea. Edo Gazoka egitasmoa; QR sistema bidez, deskontu esklusiboak eskainiz, produktu merkeak eta bertakoak (10 salmentatik 1 doan) eskaintzeko egitasmoa. Beste talde batek erosketak eta banaketa online egiteko plataformaren ideia landu zuen. Beste talde batek Arin Zentroa dinamizatzeko ekimen bezala, animalien laguntzarekin pertsona nagusiei bideratutako terapiak eskaintzeko proiektua izan zuten langai. Seigarren taldeak, berriz, bakardade sentimendua gainditzen laguntzeko teknikak eskainiko dituen ekimena landu zuen.

Ideia berriak garatzeko dauden bitartekoak ezagutzeko aukera ere izan zuten parte hartzaileek. Elkarren beharra dute enpresek eta ekintzaile gazteek, eta jardunaldi hau horretarako zubia ere bada. Hala, Zerbimek, Garau eta Skura Mobile enpresak ezagutzeko aukera izan zuten. 

Iaz egin bezala, aurten ere ekintzailetasunean eredu izan den bailarako enpresa edo pertsona bati bere ibilbidea aitortzeko omenaldia ere egin zitzaion ekitaldian. Aurtengoan Miguel Lazpiurri. Bergarako alkate Gorka Artolak eta Miguel Altunako zuzendari Joxu Aranak, biek ala biek, nabarmendu zuten Lazpiurren ekintzailetasuna, ez bakarrik lan munduan. Alkateak herriko dinamiketan izan duen, eta duen inplikazioa nabarmendu zuen Udalaren bidelagun dela urte luzez hainbat ekimenetan parte hartuz. "Industrian eta enpresagintzan zer esanik ez, baita beste hainbat arlotan ere. Beti azaldu du prestatutasuna herriaren alde lan egitekoa".

Miguel Lazpiurrek, bestalde, pozik eta umil hartu zuen errekonozimendua: "Nik ez dut halakorik merezi, hemen dauden gazteen baimenarekin hartzen dut nik omenaldi hori", azaldu zuen. “Lanerako gaitasuna, ilusioa, eta bereziki, gizartearekiko konpromisoa” dira haren ustez ekintzaile batek behar dituen ezaugarriak. Gaur egungo gazteen artean ekintzailetasunerako gaitasuna nabarmendu zuen. 

Jardunaldiok Miguel Altuna Lanbide Heziketak, Bergarako Udalak eta Enpresarek antolatzen dituzte elkarlanean, Debagoieneko Mankomunitatearen eta Tknikaren laguntzarekin. Tazebaez aholkularitza taldeak dinamizatzen ditu.