Miguel Altuna Lanbide Heziketa zentroan urriaren 25ean egin den ekitaldian sinatu dute Bergarako 38 entitatek euskara lan munduan sustatzea helburu duen hitzarmena. 2021. urteko maiatzaz geroztik lanean dihardute hainbat eragilek 'Harixa' programaren barruan. Lan-mahaiak egindako lanaren emaitzetako bat da hitzarmena. 

“Ez da biren arteko hitzarmen bat, askotariko askorena baizik. Elkarri esango diogu zer egiteko prest gauden, eta elkarri lagunduko diogu bidea egiten, harixari jarraituz”, Gorka Artola alkateak ekitaldian azaldu duenez, eta horrek duen balioa azpimarratu du. Lan-mahaiaren izenean Erreka enpresako langile Oihana Irustak hartu du hitza. Biek nabarmendu dute askotariko izaera eta egoera linguistikoa duten entitateak egonda, elkarri laguntzeko baliagarria izango dela ekimena. Irustak haien enpresan egindako ibilbidea kontatu du, eta egitasmo honetan parte hartzearen onuren inguruan ere jardun du. 

Errekak ibilbidea oro har bakarrik egin duela aipatu du, ildo horretan, esan du, “norbere errealitatetik harago begiratzen jakitea garrantzitsua da, eta 'Harixak' horretan lagunduko die enpresei. Gainera, elkarrekin lan egiteko espazioak zabaltzea enpresentzat oso aberasgarria da, hor elkarrengandik asko ikas dezakegu gutako bakoitzak... Uste dut hori dela enpresei Harixak ekarriko dien onura”.

Egoeraz ere aritu da Alkatea, eta esan du Bergaran lan handia egin dela lan-munduaren euskalduntzean. “Hala ere, bizitzako beste esparru batzuekin alderatuta, lan-munduarenean euskararen presentzia nabarmen ahulagoa da. Aipagarria da gaur egun 30 urte baino gutxiago dituzten eta Bergaran eskolatu diren herritar guztiek D ereduan egin dituztela Derrigorrezko Hezkuntzako ikasketak. Eskolaz kanpoko munduan (kulturan, kirolean, aisian...) ere aurrerapauso nabarmenak egin dira azken urteetan eta nagusiki euskaraz funtzionatzen du”. 

Behar beharrezkoa da, beraz, Artolaren esanetan, “eskolan egindako ahalegin horri jarraipena ematea, eta heldu aroan euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzea. Eta hor leku berezia izan behar du lan-arloak, helduok bizitzan denbora-tarte handiena igarotzen dugun eremuetako bat delako eta lan- mundua gizarte-harremanen (bikoteen, lagunen...) sorleku nagusietako bat delako”. Orain dela gutxi ezagutarazi diren euskararen kale erabileraren datuei ere erreferentzia egin die. 

Lau urteko iraupena du hitzarmenak. Oinarrizko konpromiso batzuk hartu dituzte hitzarmenean. Halaber, entitate bakoitzak konpromiso propioak ere hartuko ditu.

 

Hitzarmenaren edukia

Sinatzaileen zerrenda

Arloa: