Otsailaren 27an egin duen ohiko osoko bilkuran Bergarako udalbatzak (EH Bilduk eta EAJ-PNVk, PSE-EEko ordezkaria ez da bilkuran egon) onartu du euskararen aurkako eraso judizialaren aurrean EH Bilduk aurkeztutako mozioa, aho batez. 

2023. urte hasieran EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak CCOOen eskariz Barakaldoko Udalaren erabaki bat baliogabetu izana abiapuntu hartuta, eta ildo horretan azken urteotan izan diren gertaerak aintzat hartuta, Bergarako udalbatzak hurrengoa erabaki du: 

  1. Gogor salatzen dugu epaitegiek abiatu duten hizkuntza-politikaren judizializazioa, eta euskararen aurka ematen ari diren epaiak, azkena EAEko Auzitegi Nagusiak Barakaldoko Udalaren aurka emandakoa.

  2. Euskal Herriko administrazioei, epaitegiei, eragile politiko, sindikal eta sozialei herritarren hizkuntz eskubideak bermatu ditzatela eta euskararen sustapenaren alde egin dezatela eskatzen diegu. 

  3. Udal honek, legedia betez, ondorengo konpromisoak hartzen ditu: 

  4. Udal zerbitzuetan herritarrei lehen hitza euskaraz egitea bermatuko du.

  5. Zerbitzu publiko guztiak euskaraz eskaintzea bermatuko du.

  6. Udal funtzionamendu osoa EAEko bi hizkuntza ofizialeetan bermatzeko urratsak emateko plana gauzatuko du. 

Gai-zerrendako gainontzeko puntu guztiak ere aho batez onartu dira. Tartean martxoaren 8rako EAJ-PNVk aurkeztutako EUDELen adierazpena.

Zerrendaz kanpo, eta Emakumeen Nazioarteko Egunaren testuinguruan EH Bilduk aurkeztutako 'Martxoaren 8a, Zaintzen duen herria helburu' izeneko mozioa ere onartu da (horren aldeko botoekin eta EAJ-PNVren abstentzioarekin). Nagore Iñurrategi bozeramaleak azaldu du aurretik aurkeztutako adierazpen instituzionalarekin bat eginda ere, aurtengo martxoaren 8aren testuinguruan, eta urte osoan zehar, mugimendu feministak aldarrikatu duen lan lerroarekin bat egiten dutela, zehazki zaintza arloa udal politiketan txertatu beharrarekin. 

Hori horrela Bergarako Udalak honako hau erabaki du:

  • Zaintza plan bat martxan jartzea. Azken hilabeteetan Udala herriko eragile eta erabiltzaile desberdinekin lantzen aritu den zaintza plana martxan jartzea, konpromiso kolektiboari heldu eta estrategia publiko-komunitarioak diseinatuz. Planaren jarraipen eta ebaluazioa egingo duen batzordea osatu berdintasun eta ongizateko teknikariekin, eragileekin eta baita kargu politikoen presentziarekin.

  •  Etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren eredua eta funtzionamendua egokitzea, identifikatutako beharrei erantzuteko eta lan-baldintzak duintzeko asmoz.

  • Gure udalerriko etxeko langileen egoera identifikatzea eta aztertzea (zerbitzu sozialen eta tokiko kolektiboen bidez), eta haien lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko programa integralak abian jartzea, besteak beste: kontzientziazio kanpainak, etxebizitzarako eta langileen erroldarako eskubidea bermatzeko ekimenak, aholku zerbitzuak martxan jartzea, etab.

  •  Zaintza-lanen balio sozial eta politikoa aitortzen duten komunikazio-kanpainak egitea, erantzunkidetasunari arreta berezia eskainiz eta etxeko langileenak bezalako errealitateak ikusaraziz.

  • Euskal Herriko Mugimendu Feministak abiatu duen dinamikarekin bat egitea, hasteko eta behin, Martxoaren 8ko deialdiak babestuz eta herritarrei bertaratzeko deia eginez. Hortik aurrera landuko den prozesuan eragile aktibo bezala parte hartzeko eta ardurak hartzeko konpromisoa adierazten dugu. 


 

Arloa: