Zaintza lanetan ari diren pertsonei -bereziki emakumeei, haiek aritzen baitira lan hauetan bereziki- Aitortza egin nahi diete Bergarako Udalak eta Jai Batzordeak 2023ko Pentekoste jaietan. Haien ordezkaritza bat izango da maiatzaren 26an jaiei hasiera emateko ekitaldian txupina jaurtiko dutenak. Zaintza ere jaiaren protagonista egin nahi da ekimenarekin. Beste alderdi batetik protagonista ere badelako, izan ere, batzuk jai egin dezaten beste batzuek zaintza lanak egitea ezinbestekoa delako.

Bergarako Udala zaintzaren inguruan lanketa egiten hasi da, zaintza-eredua birpentsatzeko garaia dela pentsatuta. Abiapuntua plana egitea izan da. Eta hori, lan horretan ari diren askotariko perfila duten pertsonekin (emakumeekin) egin da.

Planak, zazpi helburu estrategiko jasotzen ditu. Horietatik lehenak hala dio: “Zaintza bere dimentsio osoan ulertzea, lan hauek merezi duten aitortza egin eta ikusaraztea”. Aitortza eta ikustarazte hori formatu desberdinetan egitea aurreikusi da, eta jaietako hau izango da horietako bat. Testuinguru horretan, ekitaldi horren aurretik harrera egin diete ordezkaritza horri Gorka Artola Alkateak eta Ainhoa Lete zinegotziak udaletxean.

Artolak azaldu zien bertaratutako emakumeei ekimenaren nondik norakoa. “Pentekoste jaien testuinguruan egiten ari gara lehen aitortza hau. Eta ez da kasualitatea. Jai Batzordeak eta Udalak bitarteko hori baliatu nahi dute egiten duzuen lan ezinbesteko hori aitortzen hasteko. Bai, zaintza ere jaiaren protagonista egin nahi dugu. Beste alderdi batetik protagonista ere badelako, izan ere, batzuk jai egin dezagun beste batzuek zaintza lanak egitea ezinbestekoa delako”, esan zien.

Zaintzarena une honetan, herri bezala, gizarte bezala, dugun erronka bat dela esan zien Alkateak, eta “herri erronka bat den heinean, erantzukizuna eremu pribatutik eremu komunitariora atera behar dugu. Horregatik, babes egitura komunitarioak sendotu behar ditugu. Eta uste dugu hortik jo behar dugula, eta zaintza ekosistema oso bat eratu”.

Hori pertsona erdigunean jarrita egingo dela ere esan zien. “Izan ere, gaur egungo ereduan, oso erraz bihurtzen da pertsona erabiltzailea menpeko, eta horrek ez luke horrela izan behar. Pertsona horiek, zaintza behar izanagatik ere, pertsona izaten jarraitzen dute, proiektuak dituzte, zaletasunak, beharrak... Eta zaintzaileak ere zaindu behar ditugu. Uste dugu zentralitatea eman behar dizuegula zaintzaileei, eta hori egiten hasteko borondate irmoa daukagu”.

Aurtengo jaiak iragartzeko kartela ere izan zuten aipagai. Pentekoste jaietako protagonista nagusia, Bitorianatxo, erdigunera ekarri da. Emakume indartsua hori ere. Zaintza aritzen diren emakumeak bezalaxe.