Hirugarren urtez, 'EKINola Etorkizuna zure eskuetan’ ekintzailetza jardunaldiak ospatuko dira irailaren 27an Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketa zentroan. Ideia berri eta berritzaileak dituzten eta ekintzaileak diren gazteei zuzendutako jardunaldiak dira; horien bidez, autoenpleguaren inguruan sentiberatze lanketa eginez, enpresen eta ekintzaileen arteko harremana sortu, elkar ezagutza sustatu, eta negozio ideia berritzaileak partekatu eta landu nahi dira.

Jardunaldi hauek Miguel Altuna Lanbide Heziketak, Mariaren Lagundiak, Bergarako Udalak eta Enpresare elkarteak antolatu dituzte elkarlanean, Debagoieneko Mankomunitatearen eta Tknikaren laguntzarekin. Tazebaez aholkularitza taldeak dinamizatuko ditu. Jardunaldiak aurkeztu asmoz, aipatutako eragileek prentsaurrekoa eskaini dute asteazken honetan Miguel Altuna zentroan.

Gazteek proposatuko zaizkien erronken inguruko ideiak aurkezteko aukera izango dute, eta baita horiek garatzeko dauden bitartekoak ezagutzeko aukera. “Elkarren beharra dute enpresek eta ekintzaile gazteek, eta jardunaldi hauek horretarako zubia ere badira. Bergarak historikoki izan du ekintzailetzara grina, eta ekimen honekin izaera hori indartu eta sustatu nahi da, gazteei enpresetan txertatzeko bidea egiten laguntzearekin batera”, adierazi du Ainhoa Lete Bergarako Udaleko zinegotziak.

Jardunaldietan, iaz egin zuten moduan, espazio bat izango dute garapenerako. Eta bertako enpresak aurrez aurre ezagutzeko aukera dute parte hartzaileek.

Aurten landuko diren Erronkak hurrengoak dira: Industria, Zaintza, Kultura, Etxebizitza eta Kulturartekotasuna. Gazteek, proposatutako erronkei jarraituz, beraien ideiak aurkeztu eta garatu ondoren, lehiaketa egingo da. Ideia irabazleari 1.000 euroko saria emango zaio. Herriko enpresa bat ere omenduko da.

Jardunaldi hau Bergarako Udalak ekintzailetza sustatzeko lantzen dituen beste ekimen batzuen osagarria da. Horien artean, aurten ‘Ekinaro’ izeneko ibilbidea martxan jarri du Udalak, bertan ekintzailetzan sakontzeko hainbat baliabide eskaintzen baitira. https://bergara.eus/eu/node/18316

Izen ematea:
- 608 710 764 telefono zenbakian
- garapena@bergara.eus helbidean