“Aldaketatik eraldaketarako unea” dela adierazita, Bergarako Udalak legegintzaldi honetarako erronka eta helburu nagusiak aurkeztu ditu astearte honetan Seminarixoan, bergararren eta herriko elkarte eta eragile ezberdinetako ordezkarien aurrean. Bertan aurkeztutako plangintza, udal teknikariekin elkarlanean landutakoa da eta datozen urteetarako misio nagusia, bost lan ildo eta 36 neurriz osatuta dago.

“Etorkizunari imajinazio komunitariotik erantzungo dion Bergara aktiboa eraikitzea izango da helburu nagusia”, Gorka Artola alkatearen hitzetan, eta, horretarako, Arnasguneak, Euskara, Zaintza eta Bakardadea, Etxebizitza eta Komertzioa eta Alde Zaharra izango dira lan ildo nagusiak. Gobernu taldea osatzen duten 10 zinegotziek parte hartu dute ekitaldian, eta, bertan, aipatutako bost lan ildo nagusietan barnebildutako ekintzak azaldu dituzte jendaurrean.

Plan honen bitartez, hurrengo helburuak lortu nahi ditu gobernu taldeak 2027rako:

ARNASGUNEAK: Bergaran klima-aldaketari aurre egin, lasaitasuna, elkar- ezagutza, alaitasuna, irrifarra, euskara eta ongizatea bermatuko duten 50 imajinazio arnasgune aktibatu eta berpentsatu 2027. urterako.

EUSKARA: 2027. urterako Bergararen euskararen erabilera % 50ekoa izatea eta euskara komunitatea zabaltzea eta aktibatzea.

ZAINTZA ETA BAKARDADEA: 2027. urterako adinaren ondoriozko galera funtzional urteak gutxitzea, ahalduntzea indartu eta bakardadea, dependentzia eta autoestima falta egoerak murriztuz, duina eta parekidea izango den zaintza sistemaren bitartez.

ETXEBIZITZA: 2027. urterako bergararron beharrei erantzungo dion etxebizitza sarbide aukera handitzea.

KOMERTZIOA ETA ALDE ZAHARRA: 2027. urterako herritarren beharrei erantzungo dieten ekimenak aktibatzea, alde zaharreko birgaitzean eraginez eta lokal hutsak martxan jarriz.

Aurkezpen hau 2024rako Aurrekontuak onartu ostean egin du gobernu taldeak, izan ere, onarpen horrek hainbat proiektu martxan jartzeko abagunea eskaintzen du. Hor dago, beste 35 ekintzekin batera, hiru urteetan luzatuko den Barrenkale eta San Martin Agirre plaza berrizteko eta bergararrentzat arnasgune berri bat bihurtzeko proiektua.

“Legegintzaldi Plan hau osatzeko zuen iritziak jaso nahi izan ditugu. Zinegotziok udaletxetik kalera jaitsi gara, zuen lehentasunak eta kezkak entzun ditugu, eta horiek guztiak Udaleko teknikarien ezagutzarekin uztartu ditugu. Historikoki jakinduria handiko herria izan da Bergara. Jakinduria; gure gizartearen momentuko erronkei erantzuteko, eta gizarte eta komunitate bezala garatu ahal izateko. Eta jakinduria zerbait bada, imajinazioa da. Legegintzaldi Plan honen bidez Bergarako udaletik jakinduria hori eguneratu eta balioan jartzeko bidea abiatu nahi dugu”, adierazi du alkateak.