Bergarako Udaleko Lorezaintzako lan taldeak Deskarga eta Deba ibaietako zubi gehienetan zeuden enborrak eta adarrak erretiratzen aritu dira aste honetan. Enbor eta arrama hauek oztopo bezala ziarduten erreken jarioan, ura zubietako ‘begi’ artetik igarotzeko zailtasunak eraginez.

Udaleko teknikarien esanetan, oso lan teknikoa izan da, bitarteko bereziak behar zituelako. Dena den, langileen eskarmentuari esker lana modu egokian bideratu da. Bestalde, udal ordezkariek lan hauek eragindako eragozpenengatik barkamena eskatu diete herritarrei.

Deba ibaiaren hurengo zubietan egin dira lanak: Osintxuko zubia, Bolubarri presa ondoko zubia, Bolubarriko zubia, San Lorentzoko zubia, Zubietako zubia, Santa Marinako zubia.

Deskarga errekaren gaineko Urarteko zubian ere egurrak eta arramak kendu dira.