Urtero lez, Bergarako Udalak txosna bat jarriko du San Martin Agirre plazan 2025eko ekainaren 6tik 10era, Pentekoste jaiak direla eta. Txosna hau ustiatzeko interesa duten Bergarako irabazi-asmorik gabeko kultur, kirol edo ongintzako elkarteek eskaera aurkezteko aukera izango dute, lehentasuna izango dutelarik kultura, kirola, hezkuntza eta ongintza helburu dituzten herriko taldeek.

Eskaerak aurkezteko azken eguna 2025eko maiatzaren 7a izango da, eguerdiko 12:00ak arte, B@Z bulegoan. Eskaera bat baino gehiago izanez gero, zozketa egingo da egun berean, 14:00etan, Udaleko Idazkaritzan.

Txosnaren ustiapenaren baldintzen artean, gutxieneko ordutegi bat betetzea, musika erabilera mugatzea, eta euskara lehenestea daude, bai ahozko komunikazioan, bai musikan (%75 euskaraz gutxienez), bai publizitatean. Alkohola adin txikikoei ez saltzeko debekua zorrotz betearazi beharko da, eta txosnagunean ez da onartuko irainik edo eduki matxistarik duten kartelik.

Udalak, bere aldetik, txosnarako espazioa eta beharrezko baliabide teknikoak (argindarra, ura, komun publikoa) jarriko ditu, eta edalontzi berrerabilgarrien erabilera bermatuko da. Gainera, hondakinen bilketa eta sailkapena egoki egiteko baliabideak eskainiko ditu.

Ustiapena esleitzen zaion elkarteak 375 euroko fidantza eta erantzukizun zibileko asegurua aurkeztu beharko ditu maiatzaren 29a baino lehen.

Informazio gehiago eta baldintza guztiak kontsultatzeko, interesdunek Bergarako Udalaren webgunera edo Euskara eta Kultura Zerbitzuetara jo dezakete.

Eranskinak: