Bergarako Udala-k Az, 2025-04-23 10:15-n bidalia
Bergarako Udalak, 2025-2027 Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren baitan, 2025. urterako dirulaguntza programen deialdi irekia abiatu du irabazi asmorik gabeko elkarte eta eragileei zuzenduta.
Udalak deialdi bateratu hau jarri du abian elkarte eta eragileentzako erreferentzia bakarra eskaintzeko asmoz, eta espedienteen prozedura administratiboak arintzeko. Horrela, komunitatearen ongizatearen aldeko lanean diharduten erakundeek bide errazagoa izango dute laguntza ekonomiko horietara iristeko.
“Deialdi bateratu honen bitartez, irabazi asmorik gabeko herriko elkarte eta eragileei beraien lana garatzea erraztu nahi diegu. Uste dugu elkartegintzak indar handia duela Bergaran, eta hori babestea dagokigula Udalean, horretarako, deialdi bakarra antolatu dugu elkarteen lana errazteko”, adierazi du Gorka Artola alkateak.
Lerro estrategikoak eta dirulaguntzen ildo nagusiak:
2025. urterako deialdi honek Bergarako Udalaren estrategia nagusien barruan kokatzen diren bost laguntza ildo aurreikusten ditu. Hauek dira:
• Garapenerako lankidetza: Gobernuz Kanpoko Erakundeei (GKE) zuzendutako laguntzak, lankidetza eta elkartasun proiektuak garatzeko.
• Gizarte ekintza: Gizarte zerbitzuen arloan lan egiten duten elkarteei bideratutako laguntzak, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen eskubideak eta bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin.
• Kultur dinamizazioa: Kultur elkarte eta taldeek urtean zehar antolatzen dituzten jarduerak finantzatzeko laguntzak, Bergarako kultura bizia indartzeko.
• Kirolaren sustapena: Bertako kirol elkarteentzako laguntzak, jarduera arruntak zein bereziak antolatzeko eta kirol inklusiboa sustatzeko.
• Ingurumenaren zaintza eta iraunkortasuna: Ingurumen jarduera espezifikoak gauzatzen dituzten elkarteei zuzendutako laguntzak, herriko ingurune naturala zaintzen laguntzeko.
Nori zuzenduta dago?
Dirulaguntzak eskuratu ahal izango dituzte egoitza eta jarduera eremua Bergaran duten irabazi asmorik gabeko elkarte edo eragileek, baldin eta indarrean dauden araudiak betetzen badituzte. Ezingo dute laguntzarik jaso sexuaren, berdintasunaren edo bestelako diskriminazioen aurkako arauak urratu dituzten erakundeek, ezta administrazio zehapena jaso dutenek ere.
Eskaerak eta dokumentazioa
Interesdunek eskabidea Bergarako Udalaren Erregistro Elektroniko Orokorraren bidez aurkeztu beharko dute, dagokion oinarri espezifikoan adierazitako epean. Eskabide ereduak eta horiekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa udalaren webgunean (www.bergara.eus) eskuragarri egongo dira. Beharrezkoa izango da, besteak beste, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak beteta izatea.
Dirulaguntzen onuradunek hainbat konpromiso osagarri hartu beharko dituzte:
• Euskara lehenetsiz jarduera eta komunikazio publikoetan.
• Gizon-emakumeen arteko berdintasuna bermatuz, irudi eta hizkera ez sexista erabiliz eta emakumeen partaidetza aktiboa sustatuz.
• Adikzioen prebentziorako neurriak betez, bereziki adingabeei zuzendutako ekintzetan.
Ordainketa eta justifikazioa
Laguntzak bi zatitan ordainduko dira: lehenik, %60ko aurretiko aurrerakina; eta, jarduera edo proiektuaren justifikazio osoa aurkeztutakoan, gainerako %40a. Jasotako funtsak nola erabili diren azaltzen duen justifikazio-kontua aurkeztu beharko da, eta fakturak gordetzeko betebeharra sei urtez luzatuko da.