webmaster-k Al, 2025-05-05 09:46-n bidalia
Bergarak maiatzean erroten ondarea eta historia biziberrituko ditu ekitaldi bereziekin. Batetik, "Bergarako Errotak" erakusketa maiatzaren 10etik 18ra egongo da ikusgai Aroztegi aretoan, eta bestetik, IV. Gipuzkoako Erroten Eguna maiatzaren 18an ospatuko da, Elortza-Bolu errotan egingo den bisita gidatuarekin.
Erakusketak, euskaraz eta gaztelaniaz eskainita, herriko erroten historia erakutsiko du, astearte eta ostiral bitartean 18:00etatik 20:30era irekita. Larunbatetan (12:00–14:00 / 18:00–20:30) eta igandeetan (12:00–14:00) ere zabalik egongo da. Inaugurazioa maiatzaren 10ean, 12:00etan, egingo da.
Erroten Egunaren barruan, maiatzaren 18an, San Juan auzoko Elortza-Bolu errotara bisita gidatua antolatu da, 12:00etan. Plaza mugatuak dira eta jarduera dohainik izango da. Parte hartzeko interesa dutenek aurrez izena eman beharko dute webgunean (www.bergara.eus) edo 943 77 91 59 telefono zenbakira deituta.
“Gau egun ahazteko bidean dauden arren, garrantzitsua deritzogu Bergarako erroten historia berreskuratzea, eta, horretarako, bisita gidatua antolatuko dugu erroten adituekin batera. Bisita honekin gure herriaren ondarea hobeto ezagutzeko aukera izango dugu”, adierazi du Maite Usabiaga zinegotziak.
Hainbat mendetan zehar, Merkataritzaren Eskualdeko Gunea izan zen Bergara; astero egiten ziren azokak, eta horietan jartzen ziren salgai zeuden produktuen neurriak eta prezioak.
Esandakoaren erakusgarri dira udaletxeko fatxadaren hainbat lekutan ikus daitezkeen neurriak, eraikinaren aurrealdeko harrian landuta daudenak. Produktu nabarmenen artean, aipatzekoa da zerealen irina, errotetan eskuratzen zena. 40 errota-instalazio izan dira Bergaran, ibai nagusian eta haren ibaiadarretan banatuta; errota horiek landa inguruneko ekonomiaren eta, oro har, Bergarako gizartearen motorretako bat izan ziren.
Ekimen hau Bergarako Udala, Yurrita elkartea eta ACEM (Molinoen Azterketa eta Kontserbaziorako Elkartea) erakundeen arteko lankidetzaren emaitza da, ondarearen transmisioa eta balioan jartzea helburu.