webmaster-k Og, 2025-05-29 13:11-n bidalia
EAEko Auzitegi Nagusiak Valogreene Paper S.L. enpresari Eusko Jaurlaritzak emandako ingurumen baimen integratua baliogabetu izana “oso positibotzat” jo du Bergarako Udalak. Prentsaurreko bidez, Gorka Artola alkateak ostegun honetan azaldu duenez, epaiak berretsi du Bergarako Udalak hasieratik defendatutako jarrera: Valogreene enpresaren proiektuak ez zuela bat egiten udal planeamenduarekin, eta industria jardueratzat mozorrotu nahi izan zen egitasmoa, benetan, hondakinak errausteko jarduera bat zela.
Udalak gogorarazi du hasieratik salatu zuela proiektuan ezarritako aldaketak ez zirela behar bezala aztertu, eta Eusko Jaurlaritzak onartutako baimenean hainbat salbuespen onartu zirela justifikaziorik gabe, arrisku potentziala sortuz herritarren osasunarentzat eta ingurumenarentzat.
Gorka Artolak adierazi duenez, Auzitegi Nagusiak berretsi du Valogreene proiektua hirigintza planeamenduarekin bateragarria ez zela eta administrazioaren oinarrizko prozedurak urratu zirela.
Udalaren jarrera irmoa eta gardentasuna
Bergarako Udalak azpimarratu du prozesu guztian zehar “gardentasunez eta zuhurtasunez” jokatu duela, herritarren interes orokorra lehenetsiz. Alkateak adierazi duenez, “ez da erraza izan. Batzuek uste zuten Bergarako Udala ez zela gai izango Eusko Jaurlaritzaren eta enpresa handi baten aurrean tinko eusteko. Baina erakutsi dugu gauzak ondo eginez, gauzak bere onera ekartzeko aukera egon daitekeela. Eta hori nabarmendu nahiko nuke berriz ere: Zintzotasunez, legearen barruan eta interes orokorraren defentsan egin dugu lan”.
Era berean, alkateak gaitzetsi egin du zenbait sektorek prozesuan zehar udalaren jarrera zalantzan jarri izana: “Administrazio honetan beti defendatu dugu udaleko teknikariekin batera egindako lana. Beren profesionaltasuna funtsezkoa izan da, eta aditu aholkulariekin batera egindako lanak bide eman du Bergararentzat kaltegarriak izan zitezkeen erabakiak baliogabetzeko. Guk beti argi izan dugu: hasieratik gure herriaren interes orokorra lehenetsi dugu interes partikularren gainetik, eta erakutsi dugu Udal honetan gauzak ondo eta zintzotasunez egiten ditugula eta hori edozeinen aurrean defendatuko dugu”.
Larramendiko etorkizunerako aukera berriak
Udalak salatu du proiektu honek Larramendiko industriagunean kalte konponezina eragin duela azken urteotan. Herri modura denbora eta aukera baliotsuak galdu direla nabarmendu du Artolak. Administrazioen artean beste era batera kudeatu zitekeen prozesu bat epaitegietara iritsi behar izan dela adierazi du alkateak.
Hala eta guztiz ere, orain aukera berriak zabaltzen direla nabarmendu du: "Epaia ez dadila soilik iraganari buruzko ondorioa izan: etorkizunerako aukera berri bat zabaltzen da. Larramendiko guneari beste ikuspegi batekin begiratu ahal diogu orain, bestelako proiektu batzuk garatzeko aukerarekin. Gaurtik aurrera, Larramendi Bergarako ehun industrialaren eta garapen sozioekonomikoaren mesedetan jartzen hasteko unea da."
Epai irmoa bihurtu daiteke
Epai hau Espainiako Auzitegi Gorenean kasazio helegite bidez errekurritu daiteke, eta Eusko Jaurlaritzak horretarako 30 eguneko epea du. Hala egiten ez badu, sententzia irmo bihurtuko litzateke.
Azkenik, Bergarako Udalak berretsi du herritarren osasuna, ingurumenaren babesa eta interes orokorra izango direla beti bere jardunaren ardatz nagusiak:
“Ez da erraza izan, baina frogatu dugu herri baten duintasuna eta etorkizuna defendatzeko, administrazio txiki batek ere asko egin dezakeela. Eta horixe izan da gure konpromisoa hasieratik”.