webmaster-k Ar, 2025-06-03 07:31-n bidalia
Pentekosteen atarian, Bergarako Udalak jai eta aisialdi espazioetan indarkeria matxista prebenitzeko eta kontra jarduteko protokoloa aurkeztu du astelehen arratsaldean, balizko erasoei aurre egiteko helburuarekin. Protokolo berria dokumentu huts bat baino haratago doala nabarmendu dute prentsaurrekoan, eta udalerri osoan genero indarkeriaren kontra estrategia komunitarioa garatzeko tresna izateko asmoarekin sortu dela.
Ainhoa Lete alkateordearen hitzetan. “azken urteetako errealitateak agerian utzi du jai giroa ez dela beti segurtasunaren sinonimo emakumeentzat eta genero disidenteentzat. Horregatik, ezinbestekoa da eremu horietan benetako berdintasuna eta askatasuna bermatzea. Askatasuna ez da benetakoa, norbait beldurrik gabe bizi ezin bada”, adierazi du.
Protokoloaren diseinuan hainbat eragilek parte hartu dute beren ekarpenekin: Martxanterak eta Oñeztua talde feministek, udaleko sail ezberdinek eta tabernari batzuek. Hainbat printzipiotan oinarritzen da protokoloa: erasotuak erdigunean jartzea, konfidentzialtasuna bermatzea, jarrera matxisten gaitzespen publikoa, eta prozedura penalaz harago joanda, biktimaren ongizate emozionala lehenestea.
Hasiera batean, protokoloa Udalak antolatutako ekitaldi esanguratsuetan aplikatuko da, hala nola herri bazkarian edo zezen plazan antolatuko diren ekintzetan. Pixkanaka, beste eremuetara zabaltzea aurreikusten da. Tabernei dagokienez, protokoloan parte hartu nahi dutenek langileentzako formakuntza jasoko dute eta jarraipen batzordean arituko dira.
Jarraipen batzordea urtero bilduko da, eta bertan egongo dira Udaleko politikari eta teknikariak, Udaltzaingoa, mugimendu feminista, jaietako elkarteak eta ostalarien ordezkariak. Helburua protokoloaren eraginkortasuna baloratzea eta hobetzen jarraitzea izango da.
Udaletik azpimarratu dute indarkeria matxistaren aurkako borroka ez dela emakumeen ardura bakarrik, baizik eta gizarte osoarena. “Guztion artean eraikitako tresna izan dadin nahi dugu protokoloa. Gure jaiak guztionak direlako, eta horretarako, guztientzako seguruak izan behar dute”, nabarmendu dute.
Arreta gunea eta Info gunea
Horrez gain, erasoei aurre egiteko aurten bi egitura nagusi aktibatuko dira jaietan:
· Informazio Gunea:
Indarkeria matxistaren prebentziorako eta sentsibilizaziorako gunea izango da. Herritarrentzat zabalik egongo da ekainaren 6an eta 9an, 19:00etatik 22:00etara, txosnagunearen ondoan. Gune horretan, informazioa eskainiko da indarkeria matxistari, LGTBI+fobiari eta horiei aurre egiteko tresnei buruz. Halaber, erasoren bat gertatuz gero, erantzun egokia bideratzeko funtzioa ere izango du.
· Arreta Puntua:
Eraso matxisten aurrean arreta eta esku-hartzerako espazioa izango da. Ekainaren 6an, 7an eta 9an, 22:00etatik 06:00etara, irekita egongo da Irizar Jauregian (Barrenkalea 33), eta bertan hasierako arreta emozionala, laguntza, eskubideei buruzko informazioa eta aholkularitza eskainiko da. Zerbitzu hau aurrez aurre zein telefonoz eskainiko da (telefono zenbakia: 747 448 456).