Asteazken honetan ospatu da Bergarako Miguel Altuna LHII zentroan Harixa egitasmoaren baitan antolatutako "Adimen Artifiziala eta Euskara" topaketa. Bertan, Harixa egitasmoko kide diren enpresetako hainbat langile bildu dira, adimen artifizialak euskararentzat eskaintzen dituen aukerak aztertzeko.

Topaketaren lehen zatian, gaur egun euskaraz erabil daitezkeen adimen artifizialeko tresna nagusiak aurkeztu dira, euren funtzionamendua eta aplikazio praktikoak azalduz. Ondoren, eztabaida ireki eta parte hartzailean, bertaratuek aukera izan dute tresna horiek eguneroko lanean, eta bereziki enpresetako jardunean, nola erabili daitezkeen elkarrekin hausnartzeko.

Parte hartzaileek nabarmendu dute teknologia berriek euskararen erabileran eta sustapenean duten garrantzia, eta halako topaketek eskaintzen duten elkarlanerako eta ezagutzak partekatzeko gune aberasgarria azpimarratu dute.
Ekitaldiaren amaieran, bertaratuek luntx batekin borobildu dute jardunaldia, harremanak estutzeko aukera aprobetxatuz.