Bergarako Udalak, 2023-2024 urteetan zehar, enplegu sustapenaren arloan inbertsio ezberdinak egin ditu udalerriko ekonomia eta garapen sozioekonomikoa indartzeko helburuarekin. Tokiko ekonomiaren diagnostiko eguneratua eta lan ildo estrategikoen ezarpena oinarri hartuta, hainbat ekimen eta laguntza programa jarri dira martxan, enpresa sareari, ekintzaileei eta herritarrei zuzenduta.

Enpresa sare sendo eta lehiakorra sustatzeko apustua

Udalak elkarlana bultzatu du Bergarako enpresa elkarteekin, euren jarduera ekonomikoa indartzeko laguntzen bidez.

·       ENPRESARE elkartea: 2023 eta 2024an, urteko 30.000 euroko dirulaguntza jaso du, bertako enpresen arteko lankidetza sustatu eta lanpostu berriak sortzeko.

·       FCC-FEX (Fastening Competence Center): Torlojugintzaren eta lotura teknologien sektorean Bergara erreferente bihurtzeko lanetan ari da. Horretarako, Udalak urteko 25.000 euroko ekarpena egin du bi urtez jarraian.

·       Bedelkar elkartea: Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak biziberritzeko helburuz, Bedelkar elkarteari urteko 15.000 euroko laguntza eman zaio.

Ekintzailetza bultzatuz

Ekintzaile berriei bidea errazteko aholkularitza eta laguntza ekonomikoak eskaini dira:

·       2023an, 9 enpresa berri aholkularitza prozesuan izan ziren Bergarako Garapen Zerbitzuan; 2024an, 16.

·       Debagoieneko Garapen Agentziaren bidez, 2023an 15 ekintzaile artatu ziren, eta 2024an, 21.

·       Era berean, dirulaguntzen bidez, 2023an 12.700 euro inguru banatu ziren 5 enpresaren artean; 2024an, 42.400 euro baino gehiago 14 enpresaren artean.

Herritarrentzako lan orientazioa eta lan eskaintza publikoak

Lan orientazio zerbitzuak ere hazkunde nabarmena izan du:

·       2023an, 183 pertsonak jaso zuten orientazioa; 2024an, 307k.

·       Eguneroko informazioa eskaintzen zaie 183 erabiltzaile baino gehiagori.
Bestalde, udalaren bidez, Lanbideko programen laguntzaz, 2023an eta 2024an 7 lan kontratu sinatu dira urtero.

Bergararen garapen ekonomikorako konpromiso sendoa

Bergarako Udalaren helburua argia da: udalerriko enplegua eta jarduera ekonomikoa indartzea, talentua atxikitzea eta etorkizuneko proiektu berriak sustatzea. Enplegu sustapenerako ildo estrategiko hauek Bergararen lehiakortasuna eta bizi kalitatea hobetzen laguntzen dute, udalerri dinamiko eta ekintzaile baten alde eginez.