Bergarako Udalak amaitu du 2025. urteko Gizarte Premiaren Antzematea eta Suteen Prebentzio Programa, 2014. urtetik martxan dagoen eta adineko herritarren ongizatea eta etxeko segurtasuna hobetzea helburu duen ekimena.

Programa hau 80 urtetik gorako bakarrik bizi diren herritarrentzat edo 80 urte beteta edukita  65 urtetik gorako beste pertsona batekin bizi direnentzat dago zuzenduta, eta bere helburua da, batetik, pertsona horien bizi egoera eta gizarte beharrak ezagutzea eta, bestetik, etxeko sute arriskuak aztertzea eta prebentzio neurriak ezartzea, hala nola ke detektagailuen instalazioa.

Urte honetan 80 herritar berri sartu dira programan, eta guztira 640 etxebizitza ari dira jasotzen zerbitzua. Bisita bakoitzean etxebizitzaren egoera aztertzeaz gain, banakako elkarrizketak egin dira, zaurgarritasun egoerak, bakardadea edo gizarte laguntzarik behar duten identifikatzeko.

Etxeetan egindako bisiten %91ean ez da suteekiko arriskurik atzeman, baina %9an hainbat arrisku identifikatu dira, eta kasu horietan gomendioak eman zaizkie jabeei neurriak har ditzaten.

Gainera, etxe bakoitzaren krokis zehatza egin da, sute-kasu batean etxebizitzaren banaketa ezagutzeko. Dokumentu horiek –1.012 guztira, berriak eta aurreko urteetakoak barne– Udaltzaingoaren esku jarri dira, suhiltzaileek eta udaltzainek informazio zehatza izan dezaten larrialdi batean.

2025ean 81 su detektagailu berri jarri dira (etxe batzuetan bat baino gehiago). Alta berriak eta egindako mantenu lanak kontuan hartuta, gaur egun 704 detektagailu daude martxan herrian. Udalak urteko mantentze lanak egiten ditu aurretik instalatutako detektagailuetan, segurtasun bermea luzatzeko.

Elkarrizketetan bildutako datuen arabera, artatutako etxebizitzen %74,21ek ez du gizarte laguntza berezirik behar, baina gainerako %25,78k baliabide sozial bati buruzko informazioa eskatu du:

Pertsona

Zbk.

Behaketak

28

Mendekotasun egoera aitortzea/berrikustea eskatu zuten.

21

Telelaguntza zerbitzua eskatu zuten edo informazio gehiago.

16

Etxez-etxeko laguntza zerbitzua eskatu zuten edo informazio gehiago.

3

Boluntarioak emandako konpainia zerbitzu batean interesatuak.

6

Botikak hartzeko pastileroetan interesatuak.

27

Bainugela egokitzeko beharrizana

62

Igogailu baten beharrizana

11

Beste beharrizan/egoera batzuk.

Etxe bakoitzean baliabide horiei buruzko laburpen orriak utzi dira, informazio gehiagorako gizarte zerbitzuetara jo dezaten gomendatuz.

Bakardadea neurtzeko erabilitako eskalan (0tik 11ra), 63 etxebizitzatan 6 puntutik gorako emaitzak izan dira, hau da, artatutako etxebizitzen %9,8k bakardade zantzuak erakutsi dituzte. Datu hau gizarte zerbitzuek bereziki aztertuko dute, behar diren neurriak hartzeko. Azpimarratzekoa da ez dela tratu txarren egoerarik atzeman.

Zerbitzuaren kalitatea neurtzeko galdetegietan, herritarrek 9,3ko batez besteko nota jarri diote programari. Horrez gain, kexak eta hobekuntza proposamenak ere jaso dira, etorkizuneko edizioetan zerbitzua hobetzeko. 2025eko programaren kostua 31.994 eurokoa izan da.