webmaster-k Az, 2025-09-24 11:13-n bidalia
Bergarako Udalak mintzapraktika taldeak martxan jarriko ditu, hizkuntzak ikasten ari diren herritarrei ikaskuntza prozesua errazteko helburuarekin. Ekimen honen bidez, ikasleek ikasten ari diren hizkuntza praktikan jartzeko aukera izango dute, modu errazean eta informalean.
Hizkuntzak ikasteko prozesuan, askotan, ikasleek zailtasunak izaten dituzte ikasitakoa praktikan jartzeko. Mintzapraktika taldeek hutsune hori betetzea dute helburu, eta horretarako, astean behin eta ordubetez elkartuko dira parte-hartzaileak.
Talde autonomoak, ikasleen erritmoan
Taldeak autonomoak izango dira: ez da irakaslerik egongo, ez akatsak zuzentzeko, ezta dinamizatzeko ere. Parte hartzaileek euren artean antolatuko dituzte saioak, eta astero arduradun bat izendatuko da hurrengo saiorako eztabaidagai bat proposatzeko. Gai horrek lotura izango du egunkariko albiste batekin, gai orokor batekin edo bestelako eduki interesgarri batekin, eta arduradunak gai horrekin lotutako hiztegia eta esamoldeak landuko ditu taldekideei aurkezteko.
Parte hartzea: irekia eta malgua
Taldeetan parte hartzeko ez da mailaketa probarik egingo. Izena ematen duen edonork parte hartu ahal izango du, hizkuntza maila edozein izanda ere. Taldeak gutxienez 4 eta gehienez 7 lagunez osatuko dira, eta izena ematean parte hartzaileek zein hizkuntza, ordutegi eta egun aukeratzen dituzten adierazi beharko dute.
Izena emateko: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSdaG2li-sbwZI6kwBB0c5zez6f3_-eY...