webmaster-k Az, 2025-10-08 11:33-n bidalia
Jot Down Zientzia ekitaldiaren hamabigarren edizioa urriaren 3an eta 4an ospatu da Bergaran, duela 242 urte wolframaren aurkikuntza ikusi zuen herrian. Aurtengo jardunaldiaren ardatza "Elementu Kritikoak: Wolframetik Lur Arraroetara" izan da, eta gai berari lotuta antolatu da Jot Down Zientzia dibulgazio lehiaketa ere.
Aitzakia honekin, bi egunetan zehar, hitzaldiak, tailerrak, bisita gidatuak eta askotariko publikoarentzat diseinatutako jarduerak bildu ditu ekitaldiak. Giro berezia bizi izan da herrian: wolframaren aurkikuntzatik abiatuta, gaur egungo erronka teknologiko eta zientifikoetara zubi bat eraiki da, historia eta etorkizuna uztartuz.
Bergarako alkate Gorka Artolaren esanetan, “Bergara betidanik izan da ideien, pentsamendu kritikoaren eta ekimen berritzaileen bilgune, eta ekitaldi hau horren adibide bikaina da”. Ildo beretik, Jot Down aldizkariko zuzendari Angel L. Fernándezek adierazi du “aukera paregabea” dela sari banaketa “halako leku berezian ospatzea”, eta eskerrak eman dizkio Bergarako Udalari eta Laboratorim Museoari ekitaldia hartu eta kulturaren zabalkundean erakutsitako konpromisoagatik.
Hitzaldietan, Espainiako zientzia-dibulgatzaile ospetsuek hartu dute parte, wolframaren aurkikuntzaren testuingurua eta elementu kritikoen etorkizuneko erronkak uztartuz. Hitzaldien artean, nabarmendu dira Clara Grima matematikari eta dibulgatzaile ezagunaren aurkezpena, algoritmoek gure bizitzan duten garrantzia agerian utziz, edota Rosario Raro idazle eta Filologia Hispanikoko doktorearena, II. Mundu Gerran Canfranceko wolframaren trafiko sekretuari buruzkoa. Horiekin eta beste hainbat aditurekin batera, Bergarak berriro erakutsi du bi egunetan zehar zientziaren eta kulturaren erreferente izan daitekeela.
Urtero bezala, ekitaldiari lotuta, dibulgazio zientifikoko lehiaketa antolatu da eta honakoak ere wolframaren gaia izan du erdi gunean. Larunbatean ospatu den sari-banaketa ekitaldian lau modalitateetako irabazleak eman dira ezagutzera. Saiakeran, José Antonio Busteloren El ánodo del mundo lana izan da garailea, eta Isabel del Ríoren De venenos y neutrones lanak jaso du finalista izendapena. Narratiban, Alicia Ginerren El código W testuak irabazi du, eta Francisco Javier Tapiadorren El mal geólogo lanak lortu du finalista izatea. Laboratorium Museoak ematen duen ilustrazio zientifikoaren saria berriz Amanda Salasen Elemento 74 lanak eskuratu du, Maddi Astigarragaren Dependencia lana finalista izanik. Azkenik, argazkigintza saria hutsik geratu da aurten.
Irabazleek 1.000 euroko saria jaso dute, eta finalistek urtebeteko harpidetza Jot Down eta Mercurio aldizkarietan, baita liburu sorta bana ere. Lan irabazleak Jot Down, Mercurio edo Jot Down Kids argitalpenetan plazaratuko dira.
Lehiaketak Laboratorium Museoaren, Donostia International Physics Centerren (DIPC), Canfranceko Lurpeko Laborategiaren eta Sevillako Unibertsitatearen babesa du.
Bergarako herriak ere bat egin du ospakizunarekin, Bedelkar merkatarien eta ostalarien sarearen bidez. Elementu kimikoetan oinarritutako pintxo-pote zientifikoa, wolfram goxoa postre berezia herriko hainbat gozotegitan dastatzeko aukera eta 500 sari baino gehiago banatu dituen “arraskatu eta irabazi” ekimenak harrera bikaina izan dute herritarren eta bisitarien artean.
Larunbat arratsaldean, Irala kalean ospatu den Bedelkar Jaiak borobildu du asteburuko ekitaldia, musikaz, dantzaz eta giro apartaz lagunduta. Jaialdiak argi utzi du Bergarak, herritarren parte-hartzearen eta merkataritzaren inplikazioaren bidez, modu aktiboan egin duela bat zientziaren alde.
Aurtengoa, gainera, urte berezia da Laboratorium Museoarentzat, bere 10. urteurrena ospatzen ari baita. Irailaren 26 egin zuten urteurren festa, eta Jot Down Zientzia Sarien bidez ospakizun honi jarraipena ematen diotela azpimarratu du Rosa Errazkin museoko zuzendariak. "Bereziki hunkigarria da sari hauek Euskal Herriak munduko historiari ekarpen zientifiko handiena egin zion lekuan ospatzea" gaineratu du.
Jot Down Zientzia sari banaketa aurretik Sevillan edota Donostian egin bada ere, Bergaran antolatzeak esanahi berezia du aurten: museoak bere lehen hamarkada ospatzen duen urtean, Bergarak berriro hartzen du bere historiari zor dion tokia, nazioarteko zientzia-agendaren erdigunean kokatuz. Laboratorium Museoak zientziari ateak zabaltzen jarraitzeko konpromisoa berresten du jarduera hauekin, eta datozen hilabeteetan urteurreneko beste ekintza batzuekin osatuko da.