webmaster-k Or, 2025-10-31 10:37-n bidalia
Jardun Euskara Elkarteak, Goiena Komunikazio Taldeak eta Bergarako Udalak elkarlanean antolatu dute Algaraka Bakarrizketa Gaua, abenduaren 19an Bergarako Seminarixoan ospatuko den ekitaldia. Euskarazko ahozkotasuna, umorea eta sormena sustatzeko helburuarekin jaio zen Algaraka proiektuak bigarren edizioa izango du aurten, eta berrikuntzekin dator. Formatu lehiakorra alde batera utzita, oraingoan bakarrizketen gau handi bat izango da.
Jardun Euskara Elkarteko ordezkari Nerea Mendizabalek azaldu duenez, ekimenak bi helburu nagusi ditu: “Batetik, euskarazko sortzaileak lagundu, talentua eta ahozkotasuna bultzatzea, eta euren lanak erakusteko plaza eskaintzea. Eta bestetik, ikusleei euskarazko umoreaz eta kulturaz gozatzeko aukera ematea”.
Izen-ematea dagoeneko zabalik dago, eta azaroaren 11ra arte luzatuko da. Parte hartu nahi dutenek 2-3 minutuko bideoa bidali beharko dute komunikazioa@algaraka.eus helbidera euren datuekin batera. Aurkeztutakoen artean bost bakarrizketari aukeratuko dira, eta hauek coaching saio pertsonalizatuak jasoko dituzte, jendaurreko emanaldiaren prestaketa artistikoa lantzeko.
Abenduaren 19ko gauean, Bergarako Seminarixoko oholtza gainean, bost bakarrizketari amateurrek eta bi profesionalek eskainiko dituzte euren lanak. Ekimena Bergarako Udalaren laguntzarekin egingo da, eta aurten gainera Bedelkar merkatarien elkarteak ere bat egin du proiektuarekin.
Bergarako Kultura zinegotzi Maite Usabiagak azpimarratu du Algaraka ez dela ikuskizun isolatu bat, baizik eta euskararen, sormenaren eta umorearen arteko uztarketa bizia. “Gure hizkuntzak behar ditu horrelako espazioak, eta gure sortzaileek behar dituzte horrelako aukerak” gaineratu du.
Informazio osoa eta oinarriak algaraka.eus web orrian daude eskuragarri.
 
							 
							
