Azaroaren 20an, ostegunean, Bergarako Irizar Jauregian Itxaro Bordaren sorkuntzari begirada sakona eskainiko dio Jone Azkoaga Elejondok (Zarautz, 1.992) Goruetan bekaren azken sarituak, eta bertan izango da baita Itxaro Borda. Bordaren ibilbidea begirada safiko batetik aztertuko du Azkoagak. Ekitaldia azaroak 20ean, osteguna, ospatuko da Irizar jauregian, 18:00etatik aurrera, eta ez da izenik eman beharko.

Beka honen bitartez, Azkoagak emakumeek historian zehar Euskal gizarteari egindako ekarpenak ikertzeko aukera izan du Ikerketaren iraupena gehienez 18 hilabetekoa izango da, eta, trukean, 12.000 euroko ordainsaria jaso du.

Azkoagak azaldu duenez, Itxaro Bordaren poesiak eta bere ahotsaren zaurgarritasun indartsu eta pasionalak jakin-mina piztuta, Bordaren ibilbide literarioa genealogia safikoaren ikuspuntutik behatu da lan honetan. Lan hipotesi modura hartu da Bordaren poesian islatzen direla bere identitatea zeharkatzen duten hainbat elementu, hala nola disidentzia sozio-politikoa, periferikotasun geografiko eta sozio-kulturala, bakardade existentziala eta pasio lesbikoa, eta identitate hori beste idazle batzuen, ama sinboliko deritzenen, eragina izan dela.

Azkoagaren kurrikuluma
Isildua izan den eta ezkutatua dirudien historia lesbikoa agertzeko saiakera egiteko beharretik abiatu da lan hau, eta ikuspegi kritiko literariotik, historiaren berridazketan ekarpena egin nahi du, batez ere, euskal literaturaren historiaren, emakume poeta lesbianen historiaren eta bien genealogiaren idazketan eta eraikuntzan.

Gaztea izanik ere, Azkoagak kurrikulum sendoa dauka. Besteak beste, Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak Masterra garatu du Euskal Herriko Unibertsitatean (2021/2023). Horrez gain, Itzulpengintza eta Interpretazioko Graduko ikaslea izan da Euskal Herriko Unibertsitatean, Ohorezko matrikula lortuz Gradu Amaierako Lanean.

Hainbat libururen itzulpena egiteaz arduratu da azken urteetan, eta horrez gain, ibilbide luzea dauka musik, poesía eta kultur sorkuntzaren alorretan.