webmaster-k Az, 2025-11-19 11:31-n bidalia
Oinherri Elkarteak Haurtzaroaren Nazioarteko eguna probestu nahi du, haurtzaroaren aldeko manifestua kaleratzeko eta bertan jasotzen diren ideiekin bat egiten duen oro, bertara batzeko gonbidapena egiten du.
1. Haurtzaroa historikoki eta kulturalki etengabe aldatzen den eraikuntza soziala da. Egun, bi iruditegien artean kokatzen da: bata, tradizionala, menpekotasuna nabarmentzen duena; bestea, garaikidea, haurren eskubideak eta erantzukizunak aitortzen dituena.
Lehenengoaren ondorio nabarmena da egun haurrak gehiegi babesteko eta kontrolatzeko joera. Bigarrenak, aldiz, haurrak gaitasundun eta eskubidedun subjektu bilakatzen ditu. Paradigma berri horrekin bat egiten dugu, haurra subjektu politiko soziala delako orain eta hemen, ez etorkizunean soilik.
2. Haurra komunitatearentzat jakintza eta trebetasun esanguratsuak dituen subjektua dela aldarrikatu nahi dugu eta ondorioz, bere parte hartzea komunitatearen eguneroko erabakietan txertatzea dagokigula.
3. Parte-hartze hori haurtzaroaren ezaugarrietara egokitzeko giltza topatu nahi dugu, haurrek mundua ulertzeko eta bizitzeko modu propioak dituztelako. Helburuak, beraz, ezin du izan haurrak helduon moduetan parte hartzen jartzea, baizik eta helduak haurren kulturaz jabetzea. Horrek, halabeharrez, helduzentrismoa interpelatzera garamatza. Haurrekin benetako parte-hartzea sustatzea nahi badugu, desikaste prozesu bat eskatzen digu, besteak beste, heldu moduan jendarte honetan gorpuzten dugun botereaz kontzientzia hartzeko, helduzentrismoa zalantzan jartzeko eta sor ditzakegun zapalkuntza egoerak identifikatzeko.
4. Haurrak adina haurtzaro existitzen direla aldarrikatu nahi dugu, haurtzaroa ere aldagai ezberdinek zeharkatzen dutelako, besteak beste, jatorriak, klase sozialak, generoak, desgaitasunak etabar luze bat. Haurtzaro guzti horien oinarrizko beharrak asetzea bermatuko duten eta denak aske bizitzeko aukera izango duten herria izan nahi dugu.
5. Haurtzaroaren garapen on bat eman dadin ezinbestekoak diren lau aldagai kontuan hartu nahi ditugu herri moduan: herria haurren jolaserako espazioa bihurtuz, non jolasteko denbora ahalbidetuko den, haurren autonomia sustatuz, elkar topatzeko espazioak eraikiz eta birnaturalizazioan sakonduz.

