11 gomendio biltzen dituen dokumentua aurkeztu dio 50 herritarrez osatutako batzarrak Argitzen deliberazio prozesua sustatu duen 18 eragilek osatutako Mandatu Organoari.

Bertan, besteak beste, instalazio fotovoltaikoen kudeaketaren prozesu guztian zerbitzu integrala eskaintzea eta herritarren iritzi eta ekarpenak erdigunean dituen prozesuen bidez energia berriztagarrien azpiegiturak aztertzea proposatu dute. Baita Debagoieneko autoaren mugikortasun alternatiborako sarea sortzea eta Debagoieneko ibilgailu publikoen elektrifikazioa lortzea ere. (Gomendio guztiak, eranskinean).

Urriaren 18an jarri zen martxan, Argitzen deliberazio prozesuaren erdigunean dagoen Herritarren Batzarra. Bost saiotan zehar, eskualdeko 50 kideek energia trantsizioaren inguruko informazioa jaso dute hainbat adituren eskutik, ondoren galdera honi erantzun ahal izateko:
“Zein ekintza edo aldaketa burutu beharko dituzte Debagoieneko tokiko eragileek energia kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarrien garapenerako?”

Galderari erantzunez, gomendio-sorta bat adostu dute eta prozesua sustatu duen Mandatu Organoari helarazi diote, eta honek konpromisoa hartu du gomendio horiei sei hilabeteko epean erantzun bat emateko.

Mandatu Organoa sektore publiko, pribatu eta komunitarioko 18 eragilek osatzen dute eta prozesua bideratzen ari dira lankidetzan: Antzuolako Udala, Aramaioko Udala, Aretxabaletako Udala, Arrasateko Udala, Bergarako Udala, Elgetako Udala, Eskoriatzako Udala, Leintz Gatzagako Udala, Oñatiko Udala, Deba Garaia landa garapena, Ekiola, Berener, Ixotzen, Esnargi, Tantai, Goiener, Fagor eta Enpresare.