Datorren abenduaren 9an, asteartea, Seminarixoan “Transmisioa” dokumentala eskainiko da Olentzeroren Lagunak elkartearen eskutik. Saioa 18:30ean hasiko da, eta dokumentalaren ondoren, elkarteko kide batek proiektuaren inguruko azalpenak emango ditu eta solasaldia irekiko da.

Dokumentalak 2022an Argentinan egindako bira jasotzen du, “Olentzero eta Joaldunak: neguko tradizioak Euskal Herritik Argentinara” proiektuaren barruan. Bertan ikus daitezke hitzaldiak, jarduerak eta euskal diasporan euskara eta euskal kultura nola transmititu diren. Gainera, dokumentalean Iñaki Unamuno bergararra agertzen da, eta horrek bereziki interesgarri egiten du Bergaran proiekzio hau.

Olentzeroren Lagunak elkarteak Argentinako euskal diasporari Olentzeroren tradizioa ezagutarazteko asmoz egindako bidaia kontatzen du dokumentalak, transmisioaren garrantzia azpimarratuz.

Informazioa
• Eguna: Abenduak 9, asteartea
• Ordua: 18:30
• Tokia: Seminarixoa, Bergara
Ekitaldia Olentzeroren Lagunak elkarteak antolatu du, eta Euskal Kultur Erakundea, Etxepare Euskal Institutua, Pyrenean Heritage eta Bergarako Udala dira sustatzaileak.