Bergarako Udalak 2026ko Aurrekontuak onartu ditu astelehen honetan ospatutako osoko bilkuran. Guztira, 33.035.135 euroko aurrekontua izango du Udalak urte honetarako, Horietatik 32.478.000 milioi euro Udalaren beraren aurrekontuari dagozkio; 560.036 euro Euskaltegiari; 500.000 euro Bihargintzari eta 5.000 euro Mizpirualderi.

Gobernu taldeak azpimarratu du aurrekontu hauek agintaldi hasieran diseinatutako lau urteko gobernu planaren barruan kokatzen direla, eta plangintza hori aurreikusitako moduan betetzen ari dela. “Helburua argia da: bergararren ongizatea hobetzea, udalerria orekatua eta jasangarria egitea, eta etorkizunerako oinarri sendoak finkatzea”, adierazi du Maite Usabiaga zinegotziak osoko bilkuran.

GASTU PARTIDA AIPAGARRIAK

ARRIZURIAGA TXOKO FEMINISTA

108.000

ARRIZURIAGA KULTUR PROIEKTUA

91.000

BIDEGORRIA AZKEN FASEA

250.000

UDALTZAINEN ALDAGELAK

213.000

BIODIBERTSITATEAREN ZAINTZA

75.000

MARTOKO (1 ETA BI FASEAK)

725.000

HAINBAT URBANIZAZIO LAN

590.000

ENERGIA BERRIZTAGARRIAK (AGORRSIN)

230.000

BASARTEKO UR BANAKETA

70.000

KIROL EKIPAMENDUEN BERRITZEA

50.000

AUZO BIDEEN KONPONKETA

210.000

ADINEKOEN KONTSEILUA INDARTZEA

9.000

EUSKARA ERREFORTZUAK

26.000

ETXEZ-ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA

1.292.846

KULTUR EKINTZAK

335.771

HONDAKIN BILKETA ETA MAKONUNITATEKO ZERBITZUAK

2.433.120

 

Udal Gobernuak azaldu duenez, aurrekontuek beherakada txiki bat dute 2025ekoekin alderatuta, aurreko urtean inbertsio estrategikoak gauzatzeko eskatutako maileguarekin lotuta. Mailegu horri esker abiatutako proiektuak 2026an eta 2027an exekutatzen jarraituko dira, aldi berean zorra itzultzen joanez. Horregatik, sarreren ataleko 2,5 milioi euro koiunturalak dira.

Arlo soziala eta herritarren zerbitzuak, lehentasun

Aurrekontuetan pisu berezia dute arlo sozialak eta herritarren zerbitzuek. Berdintasun politiketan egindako apustuari eusten zaio, aurrekontu osoaren %1 Berdintasun arlora bideratuta, eta Arrizuriagan Txoko Feminista martxan jartzeko baliabideak aurreikusi dira.

Era berean, etxez etxeko zerbitzuaren berrazterketarako eta zaintza plana garatzeko 31.000 euro bideratu dira; euskara errefortzuak berrantolatzeko 16.000 euro; eta Arrizuriagako kulturgunearen programazioa indartzeko (irailetik abendura) 35.000 euro. Kirolaren eta ongizatearen arteko lotura lantzeko diagnostiko eta sustapen neurriak garatzeko 27.500€ bideratuko dira.

Hirigintza, ingurunea eta auzoak

Hirigintzan, Martoko kaleko urbanizazioa izango da 2026ko proiektu nagusietako bat, 725.000 euroko inbertsioarekin, baita Martoko-Zubiarreko ardatzaren aurreproiektua ere. Ingurumen arloan, Agorrosingo instalazio fotovoltaikoetarako 230.000 euro bideratuko dira, eta mugikortasunean Antzuolarekiko bidegorriaren azken fasea gauzatuko da (200.000€)

Auzoetan, baserri bideen konponketan egindako lanekin jarraituko da, auzo-taxi zerbitzua 20.000 eurora igota, Osintxuko biziberritze aholkularitza mantenduta eta auzoetako birgaitze proiektuetarako partida 30.000 eurora handituta: “Iaz baserri bideen konponketan egindako inbertsio handien ildotik jarraitzen dugu. Inbertsio horien helburua udalerri osoaren oreka eta kohesioa sendotzea da, landa eremuko herritarren beharrei ere erantzuteko”, gaineratu du Usabiagak.

Elkarrizketa eta lehentasunak

Udal Gobernuak nabarmendu du aurrekontuak lantzeko prozesuan oposizioarekin elkarrizketa egon dela, eta bideragarriak izan diren proposamen batzuk txertatu direla. Gaineratu duenez, herriaren beharretan adostasuna egon arren, lehentasunak markatzeko moduan eta herri proiektuaren ikuspegian desberdintasunak daude. Hala ere, oposizioak proposatutako hainbat neurri sartzea erabaki du udal gobernuak, Aurrekontuak osatzeko helburuarekin.

Gobernuaren esanetan, “Aurrekontu hauekin bergararren bizi-kalitatea hobetzen jarraitu nahi dugu, arlo guztietan aurrera eginez, eta betiere gure herriaren etorkizuna buruan izanik. Proiektu errealistak dira, arduraz landuak, eta herritarren beharrei erantzuteko pentsatuak”.