webmaster-k Og, 2026-02-26 10:39-n bidalia
Bergarako Udalak jakinarazi du Arrizuriaga jauregiko lehen, bigarren eta teilatu azpiko solairuak egokitzeko lanen laugarren fasea hasi duela dagoeneko. Lanok Construcciones Artzamendi SA enpresak egingo ditu, 881.330,65 euroren truke (BEZ barne). Behin lanak bukatuta, eraikinak Txoko Feminista eta Kulturgunea jasoko ditu.
Egokitzapen fase berri honek Arrizuriaga jauregiaren barruko espazioak erabilera berrietara egokitzeko prozesuaren jarraipena egiten du. Proiektua Vaumm Arquitectura y Urbanismo SLP bulego teknikoak idatzitako dokumentuaren arabera gauzatuko da, eta jauregiaren balio arkitektoniko eta historikoak errespetatuz egingo dira obrak.
Lanok sei hilabeteko epean burutuko dira, zuinketa-akta sinatu eta hurrengo egunetik aurrera epea zenbatzen hasita.
Arrizuriaga jauregia Bergarako eraikin esanguratsuenetako bat da, babes maila espezifikoa duena, eta azken urteotan hainbat fasetan egokitzen ari da. Oraingo lanek espazioen erabilera publiko eta komunitarioa sendotzea dute helburu, jauregiaren egokitzapena etapa berrira eramanez.
Udal Gobernuak adierazi du “jauregiaren irisgarritasuna, erabileragarritasuna eta kalitate espaziala hobetzea” dela fase honen helburu nagusia, eta obra hauek “Bergarako kultur ondarearen biziberritzea eta herritarren zerbitzura jartzea” indartzen dutela.

